Martxora aurreratu dute Ibarrako Mendi Martxa

Ataria 2026ko otsailaren 26a

Udazkenean hainbat ekimen antolatzen ditu Bidetxur taldeak, eta aurtengoan mendi martxa udaberri aldera egitea erabaki dute, martxoaren 15ean, hain justu.

Bidetxur taldeak aurtengo Ibarrako Mendi Martxa aurreratu du, eta azaroan egin beharrean martxoaren 15ean egingo du. «Udazkenean gauza gehiegi pilatzen zitzaizkigun, mendi duatloia eta enduro jaitsiera esaterako, eta udaberri aldera egitea erabaki dugu», esan du Juan Zubia taldeko kideak.

Aurtengoan seigarren aldia izango du martxak, eta urteroko moduan, bi ibilbide izango ditu. Luzea edo ohikoa 32 kilometrokoa izango da eta 1.641 metroko desnibel positiboa du, eta ibilbide motza 21 kilometrokoa izango da 1.100 metroko desnibel positiboarekin. Biak 08:00etan abiatuko dira San Bartolome plazatik.

Ohi bezala, bi anoa puntu egongo dira: luzean parte hartzen dutenek bietatik pasatuko dira, eta motzeko parte hartzaileak lehenengotik. Hain justu, lehenengo anoa gunea Orexan jarriko da, 9,5 kilometroan, eta bigarrena 24. kilometroan. Proba amaitzean ere jan-edanak egongo dira.

Bi martxak bide bera izango dute Orexaraino eta berriro 22,5 kilometroan egingo dute bat. Aurtengoan Leaburu, Gaztelu eta Orexa inguruetatik igaroko da. Proba luzea 8 gailurretatik igarotzen da eta motza 4etatik. Zortzi gailur horiek ondokoak dira: Urkieta, Pagota, Musaio, Ulizar, Arburu, Gazteluaitz, Larte eta Erroizpe.

Ibilbidearen nondik norako zehatza ematen duen traka ez dute argitaratuta oraindik, eta martxaren data baino egun bat lehenago jakinaraziko dute, probaren egunerako jarraibideekin eta beste datu interesgarri batzuekin batera. «Ikusita zer gailurretatik pasatzen den, jendeak irudikatu dezake zein den ibilbidea», azaldu du Zubiak.

Aurtengoan izena emateko modua ere aldatu egin da, eta Kronoak.com webgunearen bitartez egin behar da. Martxoaren bukaeran Amasa-Villabonako Aizkardi Ibilaldia egiten da, Euskal Herriko Zirkuituaren parte dena, eta Ibarrako Mendi Martxa entrenamendu gisa hartzeko aproposa izan daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!