Bakarrizketa eta afaria, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko

Ataria 2026ko otsailaren 23a

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira bi ekitaldi antolatu dituzte Ibarrako Udalak eta Hauspoa kultur elkarteak elkarlanean; martxoaren 6an izango dira, Eskailerapekoa ikuskizuna eta emakumeen afaria Xepla elkartean.

Idoia Torregarai eta Mirari Martiarena umoregileak Eskailerapekoa izeneko bakarrizketa berria estreinatuko dute Ibarran. Martxoaren 6an eskainiko dute ikuskizuna, 19:30etan, Ibarrako kultur etxean. Sarrera doakoa izango da.

Ikuskizun berrian 40 urteko krisia, nerabezaroa, gorputza eta mendia izango dituzte hizpide, besteak beste. Adierazi dutenez, helburua jendea barrez jartzea da, baita eragitea ere. «Umorea bide eraginkorra da gauza garrantzitsuez hitz egiteko. Zortzi urte daramatzagu Euskal Herriko txokoak alaitzen eta gogoz gatoz berriro», nabarmendu dute.

Horren ostean, emakumeen afaria egingo dute, 21:00etan, Xepla elkartean. Interesa dutenek aurretik eman beharko dute izena Zubiaurren edo kultur etxean, 25 euro ordainduta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!