Beti Gazte izan da irabazlea tiraldi guztiak irabazita eta 15 puntu lortuta, bigarrena Txantrea izan da lau tiraldi irabazi eta 12 puntu lortuta, eta podiuma Berriozarrek lortu du, hiru tiraldi irabazi eta bederatzi puntu eskuratuta. Laugarren postuan Ñapurrak geratu da, tiraldi bat irabazi eta berdinketa bat lortu ondoren lau puntu lortuta. Bosgarrenak Abadiño izan da, tiraldi bat irabazi eta hiru puntu eskuratuta. Seigarren postua izan da Ibarrarentzat, tiraldi bat berdindu eta puntu bat jaso ondoren.
Ibarra taldeko Ainara Otamendi entrenatzaile lanetan aritu da gaurkoan, eta oso txapelketa berdindua izan dela azaldu du: «Sei talde oso indartsu zeuden, eta gaur seigarren egin duenak beste baten hirugarren egin zezakeen, eta alderantziz. Tiraldiak asko luzatu dira eta horrek erakusten du gaur izandako gogortasuna». Ibarrak Abadiñorekin lehia estua izan du, eta gertu izan du hiru puntu lortzeko aukera. «Gaur pisuan nahiko beheretik geunden aurreko txapelketarekin alderatuta, eta pisu alde hori defendatzea ez da erraza, fisikoki higadura handia dator eta». Izan ere, modalitate mistoan gehienezko pisua 580 kiloko da, eta hortik 25 kilo inguru behera zeuden ibartarrak. «Aitzakia izan daiteke, baina horri buelta eman behar zaio», esan du Otamendik. «Hasieratik oso menpe tiratzea tokatzen da, tiraldia luzatzen da eta horrek esfortzu fisikoan eragiten du».
Pisu txikietako txapelketak
Denboraldi erdia bete dute gaurko txapelketarekin. «Bizirautea une honetan ez da erraza, Euskal Herriko Herri Kirol Federazioa erdi puskatuta dabil, eta antolakuntza taldeon esku geratu da. Horrek beste balio bat ematen dio egiten ari garen esfortzu galantari». Ibarra taldeko emakumezkoak txapelen borrokan dabiltza, 540 kilokoan bigarren egin zuten,. Gizonezkoen kasuan «taldea egonkortzen eta osatzen» ari dira. «Pisu handiak tokatu dira orain arte, eta hor ateratzea eta borrokatzea ez da gutxi».
Orain pisu txikien txapelketetan sartzen dira. Emakumezkoen kasuan 500 kilokoan lehiatuko dira, eta gizonezkoak 600 eta 560 kiloko kategorietan. «Emakumezkoetan gure esperantza dugu pisu txikietan, modalitate hori lehiakorragoa izaten delako, eta saiatuko gara hor borrokatzen». Astebururo saioak izango dituzte. Asteburu honetan sailkapena izango dute emakumezkoek eta hemendik hiru asteburutara finala okatuko dute sei onenek. Gizonezkoen kasuan bi jardunaldi jokatuko dituzte 600 kilokoan erabakitzeko, eta hirugarren asteburuan 560 kiloko jardunaldi bakarra izango dute.
Euskal Herriko Txapelketa bukatu ondoren, Munduko Txapelketa iritsiko da. Aurten Txina-Taipein izango dira, eta Ibarra Sokatira Taldekoek joateko asmoa dute. «Buelta asko eman ondoren, modua ikusi dugu». Martxoko bigarren astean izango da Munduko Txapelketa. Klub bezala parte hartu dezake Ibarrak, eta baita euskal selekzio modura modalitate batean Euskal Herriko Txapelketa irabazten badu.