Ibarrako Bidetxur Mendi Elkarteak bigarrenez antolatu du Zazpibide Trail mendi lasterketa. Maiatzaren 17an egiteko asmoa zuten, baina asteburu horretan Zegama-Aizkorri Mendi Maratoia denez, astebete aurreratu dute, eta maiatzaren 10ean izango da.
Ibarrako plazan izango dira irteera eta helmuga; tartean, 15,5 kilometroko luzera eta 653 metroko desnibel metatua izango du ibilbideak. Iazkoak, 17 kilometroko luzera eta 650 metroko desnibel metatua zuen. Iker Gibelalde Bidetxurreko kideak aurreratu du lehen 10 kilometroak iazko berak izango direla. «Zenbait iradokizun jaso genituen korrikalarien aldetik. Gehienei asko gustatu zitzaien ibilbidea, baina batzuek esan ziguten bigarren zatiak bide arriskutsuak zituela eta amaiera korapilatsua zuela. Ondorioz, erabaki dugu egokiagoa zela Leaburuko hilerrira igo ondoren zuzenean Ibarrara jaistea».
Iaz, Zazpibide bidegurutzeko lau bidetatik igaro ziren korrikalariak. Aurten, bi gehiagotatik pasatuko dira. «Hori bai, oraindik baimen baten zain gaude, ibilbidea jabetza pribatuko eremu batetik igarotzen delako; ezusterik ezean, lortuko dugu, baina badaezpada prest daukagu alternatiba bat», azaldu du Gibelaldek.
Bidetxurreko kideak esan du «mota guztietako korrikalarientzat proba aproposa» dela. «Aldapa handirik ez du, eta nahiko azkar egiteko modukoa da, baina indarrak ondo neurtu behar dira. Iaz, lasterketa amaitu eta berehala, korrikalari askok esan zuten ibilbideak uste baino malda gehiago zituela. Beste lasterketa batzuekin alderatuta, azkarrago egin daiteke, eta bidean ez dago horrenbeste lokatz. Proba gutxi izango dira edonork egiteko modukoak». Iaz bezala, ibilbidearen punturik altuenak 356 metro ditu, eta korrikalariek hiru orduko denbora muga izango dute proba amaitzeko.
Lehen hiru gizonezko eta emakumezkoentzat izango dira sariak. Guztiek jasoko dute garaikurra, eta horrez gain, txapeldunak 150 euro jasoko ditu, txapeldunordeak 100 euro, eta hirugarren sailkatzen denak 50 euro. Ibarrako lehen gizonezko zein emakumezkoari sari berezi bana emango diote, baita 18 urtez azpiko mutil zein neska azkarrenari.
Izen-emateak, etzi
16 urtetik gorako korrikalariek parte hartu dezakete lasterketan. Iaz, 300 korrikalariren muga jarri zuten antolatzaileek, eta hiru egunen buruan banatu zituzten dortsal guztiak. «Gero, gehiago ere eman genituen, 315era iritsi arte edo». Azkenean, 246 korrikalarik parte hartu zuten. «Erantzun bikaina izan zuen, eta edizio arrakastatsua izan zen».
Aurten, 350 korrikalariren muga jarri dute; behin hori gaindituta, itxaron-zerrenda irekiko dute. «Gaur egun modan daude mendi lasterketak, eta uste dut dortsal guztiak banatuko ditugula». Etzi irekiko dute izen-emate epea, 21:00etan. Lasterketan parte hartu nahi duenak, ordu horretatik aurrera Kronoak.com webgunean eman beharko du izena; 20 euro ordaindu beharko du izena emateagatik.
Bazkideen lana
Bederatzi lagunek osatzen dute Bidetxur. Mendi lasterketaz gain, kirol ekitaldi gehiago antolatzen dituzte Ibarran. Gibelaldek aitortu du zerbait berria antolatzen duzunean, lehen urtea izan ohi dela zailena. «Dagoeneko ireki dugu bidea, eta oinarrizko lana egina dago». Horretarako, taldeko bazkideek egiten duten lana goraipatu du: «Ia denak boluntario aritzen dira, eta ikaragarri laguntzen dute. Haiek gabe, ezinezkoa litzateke ekitaldiak aurrera eramatea».