Egitarau zabala antolatu dute, Gaztezuloren urteurrenean

Leyre Carrasco 2026ko otsailaren 4a

Julen Iraola eta Maddi Altuna Ibarrako Gaztezuloko hezitzaileak. LEYRE CARRASCO

Jarduera ugari izango dituzte urtean zehar, eta hurrengoa etzi izango da; Ibarran dauden kulturak ezagutzeko gastronomia azoka antolatu dute.

Ospakizun urtea izango dute aurtengoa Ibarrako Gaztezulon. Izan ere, hamar urte beteko ditu aurten haur, nerabe eta gazteei bideratutako zerbitzuak.

Bertako hezitzaileak dira Julen Iraola eta Maddi Altuna. «Ibarrako Gaztezulok hamarkada honetan izan duen ibilbideari oihartzuna eta dagokion garrantzia eman nahi diogu, eta aitortza hau egitea erabaki dugu herri mailako zerbitzu garrantzitsua delako», azaldu du Altunak. Gazteak herriko dinamiketan eta ekintzetan parte hartze aktiboa izateko helburuarekin zabaldu zituen ateak duela hamar urte Gaztezulok, eta dinamika horretan jarraitzen dute gaur egun ere.

Azkue auzoan kokatu dute lokala, eta adinka biltzen dira bertan; haurrak bi astez behin joaten dira, nerabeak astero eta gazteak hilabetean behin. «Zerbitzu parte hartzailea dela kontuan hartuta, ikasturte hasieratik beharrezkoa ikusi genuen bai haur, nerabe eta gazteen iritziak kontuan hartzea hamargarren urteurrena ospatzeko, eta haiek egin nahi zituzten ekimenak kontuan hartu nahi genituen egitaraua osatzerako garaian», azaldu du Iraolak.

Ideiak azaroan hasi ziren biltzen, eta behin horiek jasota, gehien errepikatzen zirenekin bozketa egin zuten. Prozesu horretan guraso eta gainontzeko herritarren iritziak ere kontutan hartu dituzte, eta baita Gaztezuloren parte izan diren gainontzeko gazte eta hezitzaileen ideiak ere. Horrez gainera, herriko eragileekin indarrak batzen jarraitu nahi dutela gaineratu du Altunak, «beharrezkoa iruditzen zaigulako Ibarraren parte diren gainontzeko eragileak ere urteurren honen parte izatea».

Urte guztiko egitaraua

Urte osoan zehar egingo dituzte jarduerak, eta urte hasieran abiatu zuten egitaraua. Hain justu, urtarrilaren 16an, hamar urteko ibilbidea laburbiltzen duen argazki erakusketa eta ikus-entzunezkoa proiektatuko zuten herriko plazan. Giro ederra sortu zela kontatu dute hezitzaileek, eta gainontzeko jarduerek ere parte hartze handia izatea espero dute.

Hurrengo hitzordua etzi, ostiralean izango dute, 18:00etan, Ibarrako plazan. Munduko zaporeak izenburupean, Ibarran bizi diren kulturak ezagutzeko gastronomia azoka antolatu dute, Ibarrako Udala, Uzturpe ikastola eta Nura gizarte elkartearekin elkarlanean. «Ibarran beste herrialdeetako herritar ugari bizi dira, eta haien kultura sakonago ezagutzeko planteatu dugu eskaintza gastronomiko hau», jakinarazi du Iraolak. Musika zuzenean izango da, Loatzo musika eskolako ikasleen eskutik.

Gainontzeko hilabeteetan ere izango dute zertaz gozatu; esaterako, martxoaren 23an, Korrika Ibarratik igarotzen dela aprobetxatuz, horrekin bat egin eta hainbat jarduera izango dituzte; maiatzaren 8an, Alurr dantza taldearekin emanaldia eskainiko dute; eta ekainean, Txiribitu aisialdi taldearekin ekimen bat antolatzeko asmoa dute.

Dena den, egutegian gorriz markatu beharreko eguna maiatzaren 30a dela adierazi dute hezitzaileek, egun horretan ospatuko baitute urteurren festa. Jarduera ugari, bazkaria eta kontzertuak izango dituzte, besteak beste. Egun osoko egitaraua antolatuko dute, baina oraindik zehazteko daukatela esan dute, eta aurrerago emango dutela horren berri.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!