Tolosaldeko euri erauntsia

Iazko euriteek azpiegitura publikoetan eragindako kalteak konponduko dituzte Ibarran

Ataria 2026ko otsailaren 2a

Orietan, euriteen ondorioz sorturiko lerradura. IBARRAKO UDALA

Orieta eta Argindegiartetxe inguruko herri-bideetan gertatutako lerradurak konpontzeko egonkortze lanak, eta Euskal Herria kalearen atzealdeko euri-uren sarearen hobekuntzak egingo ditu udalak.

Iazko ekainaren 13an izandako eurite handien ondorioz, Ibarrako azpiegitura publikoetan hainbat kalte sortu ziren. Kale-garbiketak eta hasierako larrialdi-lanak berehala egin baziren ere, zenbait obra egiteko geratu zirela jakinarazi dute Ibarrako Udaletik, lanketa teknikoa behar zutelako.

Zehazki, Orieta eta Argindegiartetxe inguruko herri-bideetan gertatutako lerradurak konpontzeko egonkortze lanak, eta, horrez gain, Euskal Herria kalearen atzealdeko euri-uren sarearen hobekuntza egiteko jarduketa aurreikusi dira.

«Gaur egun, Orietako lanak amaituta daude; Argindegiartetxeko proiektua onartuta dago, eta laster hasiko da kontratazio-prozesua; eta euri-uren sarearen hobekuntzarako proiektua ere laster onartzea aurreikusten da. Aurreikuspenen arabera, lan guztiak uda baino lehen amaituta egongo dira», jakinarazi dute udaletik.

Larrialdi-jarduketa horien balorazio ekonomikoa 425.977,51 eurokoa da. Gastu horiei aurre egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako Departamentuak 208.174,41 euroko diru laguntza onartu dio udalari.

Udalak herritarrei lan hauen bilakaeraren berri ematen jarraituko duela adierazi du, jarduketa hauen helburua «udal-azpiegituren segurtasuna bermatzea eta etorkizunean gerta daitezkeen eurite gogorrei aurre egiteko gaitasuna hobetzea» baitira. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!