Lan akordioa bete dadila eskatu dute ikastoletako langileek

Ataria 2026ko urtarrilaren 29a

Soldaten parekatzea eta lan-baldintzen homologazioa eskatu dituzte, eta arratsaldean, LAB sindikatuak deituta, Donostiako mobilizazioan parte hartuko dute.

Uzturpe Ikastolako langileek elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Ibarrako plazan, Hezkuntza Sailari ikastolen eremuan adostutako lan akordioa bete dezan eskatzeko. Protesta 12:40ean hasi da, eta bertan salatu dute 2023an sinatutako lan akordioan jasotako hainbat konpromiso oraindik bete gabe daudela.

Langileen ordezkariek azaldu dutenez, lan akordioak ikastoletako langileen eta administraziopeko langileen arteko soldaten parekatzea aurreikusten du, baina Hezkuntza Sailak neurri horiek partzialki baino ez ditu aplikatu. Hain zuzen ere, langile batzuen soldatak parekatzeko urratsak egin diren arren, beste kasu batzuetan finantzaketa ukatu dela salatu dute.

Era berean, ikastoletako langileen eta administraziopeko langileen arteko lan-baldintzak homologatzeko mahaia biltzea eskatu dute. Haien ustez, mahai hori funtsezkoa da ikastoletara iritsi beharko liratekeen baliabideak bermatzeko, besteak beste, euskararen sustapena, hezkidetza eta heziketa berezia behar bezala garatzeko.

Langileek azpimarratu dute lan-baldintzen hobekuntzak ezinbestekoak direla ikastolek eskaintzen duten kalitatezko hezkuntza zerbitzu euskalduna bermatzeko, eta horretarako Hezkuntza Sailak bere gain hartutako konpromisoak bete behar dituela.

LAB sindikatuak deituta, mobilizazioek jarraipena izango dute arratsaldean: langileek jakinarazi dute Donostiara joango direla, 18:30ean Donostiako Boulevardean egingo den giza-katean parte hartzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!