Bigarren ipuin kontaketa saioa egingo dute gaur, Ibarran

Ataria 2026ko urtarrilaren 21a

Lur Korta ipuin kontalariak Ibarran egin zuen saio batean. ASIER IMAZ

Kultur etxean bilduko dira 4 eta 8 urte bitarteko haurrak, 18:00etan. Lur Korta ipuin kontalariak gidatuko du saioa.

Ibarrako udal liburutegiak bigarren ipuin kontaketa saioa antolatu du, udalarekin elkarlanean. Gaur, kultur etxean bilduko dira 4 eta 8 urte bitarteko haurrak, 18:00etan. Lur Korta ipuin kontalariak gidatuko du hiru ordu laurdeneko saioa, eta munduko haurren istorioak izango ditu hizpide.

«Jana lortu ahal izateko munduko neskato eta mutikoek egin behar dituzten lan edo betebeharren inguruko ipuinak kontatuko ditut», azaldu du Kortak. Kontaketa horien tartean asmakizun jolasak ere egingo dituzte.

Bigarren saioa izango da gaurkoa. Izan ere, joan den astean lehen saioa egin zuen Ibarrako 2 eta 3 urte bitarteko haurrekin. «Bi taldetan banatzea erabaki genuen, adin tarte bakoitzeko haurrek entzuteko eta ulertzeko gaitasun berezi batzuk dituztelako, eta liburu guztiak ez dira adin tarte guztietara egokiak izaten», azaldu du Kortak.

Hala ere, joan den asteko saioan giro ederra sortu zela dio ipuin kontalariak, «haur ugari etorri ziren eta guraso batzuk ere animatu ziren saiora». Animaliak izeneko liburua eta eguzkia eta ilargiaren amodiozko istorioa kontatu zizkien, eta kontaketa horiei abestiak ere gehitu zizkion. «Ipuin batzuei abestiak gehitzen dizkiet, bereziki, haurren saioak direnean, haien arreta erakartzeko errazagoa izaten baita». Saio horretan, besteak beste, Zaldi urdin bat margotu zuen artista kantua abestu zuen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!