Euskal Herriko 8x8 modalitateko sokatira lehiekin hasi dira

Ataria 2026ko urtarrilaren 14a

Ibarra Sokatira Taldeko gizonezkoak bosgarren izan dira 680 kiloko finalean, eta emakumezkoek 540 kiloko txapelketaren lehen jardunaldian hirugarren postua lortu dute.

Goma gaineko sokatiran hasi dituzte Euskal Herriko 8x8 modalitateko txapelketak. Asteburuan tiraldiak Ezpeletan egin dituzte: gizonezkoetan 680 kiloko finala jokatu dute, eta emakumezkoetan 540 kiloko lehen jardunaldia. Ibarra Sokatira Taldeko gizonezkoek bosgarren postua lortu zuten finalean. Emakumezkoek, berriz, hirugarren egin zuten lehen jardunaldian. Horien kasuan, hiru jardunalditan lortutako baturak balioko du sailkapena zehazteko.

Gizonezkoetan podiuma Beti Gazte, Ñapurrak eta Abadiño taldeek osatu zuten, hurrenez hurren. Emakumezkoetan ibartarren aurretik Beti Gazte eta Txantrea geratu ziren. Larunbat honetan Abetxukon izango dute emakumezkoek 540 kiloko txapelketaren bigarren jardunaldia. Bere aldetik, gizonezkoak 640 kiloko mailan hasiko dira lehiatzen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!