Sariz beteriko goxokiak banatuko dituzte Ibarran

Ataria 2025eko abenduaren 17a

Ibarrako erakusleihoak marrazkiekin. IBARRAKO MERKATARIEN ELKARTEA

Bezeroek goxoki bereziak jasoko dituzte erosketak egitean; denda bakoitzak bi goxoki saritu izango ditu, 25 euroko balioarekin, tokiko komertzioetan erabiltzeko.

Ibarrako Merkatarien Elkarteak Din, dan don, Ibarran Gabon! kanpaina berria jarri dute martxan Gabonetarako. Herriko merkatarien erakusleihoak «bihotzez egindako artez» bete dituzte, Victor Diaz eta Marce Tena artisten ikasleen marrazkiei esker. Ikasleen begirada txikienetik jaiotako irudiek «freskotasuna, samurtasuna eta Gabonen magia» ekarri dute Ibarrako kaleetara, eta elkartetik adierazi duten bezala, «ibilbide bat egitea nahikoa da horretaz jabetzeko».

Gabonetako kanpaina honek helburu bakarra du: «Elkar zaindu eta elkar babestu, betiko moduan, baina ilusio berrituarekin». Horregatik, herriko komertzio txikietan egindako erosketa bakoitzarekin, bezeroek sariz beteriko goxoki bereziak jasoko dituzte. Denda bakoitzak bi goxoki saritu izango ditu, 25 euroko balioarekin, tokiko komertzioetan erabiltzeko. Baina, gainera, badago magiaz beteriko beste sari bat: 1.000 eurotik gorako balioa duen otar herrikoia. Opari handi hori denda guztiek elkarrekin osatu dute, herri baten batasuna irudikatuz.

Ekimen honek ez du soilik erosketak egitea sustatu nahi; «Ibarra herriarekin lotura berpiztu nahi da, gure kaleetan berriro topo egiteko, irribarreak trukatzeko eta Gabonen benetako espiritua elkarrekin partekatzeko». Dagoeneko kanpaina abian da, eta elkartekideek «magia» hau bizitzeko gonbita zabaldu dute herritar guztien artean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!