2017an jarri zuen abian Tarukutraku, eta oso garbi du zein den proiektuaren esentzia: «Dendara instrumentu bat erostera zein eskolara ikastera etortzen direnen beharretara moldatzen gara».
Hiru adar nagusi ditu eskolak. Batetik, perkusioari dagokiona, eta hor bateria eta kaxa erakusten dituzte; eskaria dagoenean, kajoia ere bai. Bestetik, gitarra eta baxua. Hirugarren adarra haurrentzako tailerra da. «Azken horretan hainbat instrumentu erabiltzen dira, eta saiatzen gara kanta errazak egiten». Bost eta zazpi urte bitarteko haurrek parte hartu ohi dute tailerrean. Beste ikasgaietan ez dago adin mugarik.
Haurren tailerrari dagokionez, adin horietan interesgarriena haurrak musikara lotzea dela dio Rubiñosek. «Jolasen bidez belarria lantzen dute, eta beraien artean abestiak jotzeak belarria asko zabaltzen die». Instrumentu bat ikasteko garaian, ikasleari egokitzen zaizkio Tarukutrakun. «Ez dago aurretik musika jakin beharrik. Beharren arabera, pixkanaka goaz sakontzen. Praktikan oinarritzen gara musika irakasteko». Norbait Tarukutrakura musika instrumentu bat erostera joaten denean, lehenengo galdera beti bera izaten da: «Zer aurrekontu duzu eta zertarako nahi duzu tresna?». Rubiñosek argi du dendaren filosofia: «Bezeroari aholkatuko diogu bere beharrak betetzeko, behar baino gehiago gastatu gabe. Noski, instrumentuak beti dira kalitatezkoak, eta norbaitek kapritxo berezirik badu, horretan ere lagunduko diogu». Garrantzi berezia ematen dio gertuko aholku zerbitzu horri, Internet bidez erosita lortu ezin dena.
Marka ezagun gehienekin lan egiten dute. Dendaren espazioa mugatua da, eta ez dute stock handia izaten, baina eskariak egiteko aukera zabala dute, eta egun gutxi barru iristen dira. «Tresna etortzean, probatzeko aukera ematen dugu. Ez bazaio gustatzen, ez dago arazorik, uzten du eta beste zerbait eskatu dezake».
- Helbidea. San Inazio 4-behea (Ibarra).
- Telefono zenbakia. 626 561 845.
- Facebook. Tarukutraku
- Instagram. @tarukutraku
- Tiktok. Tarukutraku
