Ioseba Mateosek X. Morocco Swim Trek proba irabazi du

Ataria 2025eko abenduaren 16a

Ioseba Mateos igerilari ibartarrak amets bat bete du X. Morocco Swim Trek proba irabazita. Abenduaren 3tik 6ra izan zen jokoan, Mendebaldeko Saharako Dakhla badian.

Lehiaketak bi distantzia ditu, Classic eta Small izenekoak, eta Mateosek lehenengoa egin zuen: lau etapetan 30 kilometro. Etapa bakoitzean lortutako denbora batzen da eta orokorrean denbora gutxien egin duenak irabazten du.

Neoprenorik gabe zein neoprenoarekin lehiatu zitekeen. «2017tik nuen proba hau egiteko ideia, eta beti izan nuen argi garaia iritsiz gero neoprenorik gabe egingo nuela, babes termikoa, flotagarritasun gehigarria eta lerratze hobea alde batera utzita», esan du Mateosek. «Neoprenorik gabe igeri egiteak ingurunearekin gehiago konektatzen nau, joan den uztailean Capri–Napoles igerialdian gertatu zitzaidan moduan». Urte garai horretan Dakhla inguruetako urak 18–20 gradu artean egoten dira eta kanpoko tenperatura 20–22 gardu artean. «Beraz, babes termikorik gabe igeri egiteko egokiak dira».

Hainbat egun lehenago iritsi zen herrialdera egokitzeko eta entrenatzeko, proba egiten den Dakhla Club inguruan. Lehen etapa urduritasunez hasi zuen: «20 herrialde baino gehiagoko 168 igerilarik parte hartzen genuen batera, modalitate desberdinetan. Besteen erritmo ezezagunak eta nik neoprenorik gabe igeri egiteko egindako hautuak ziurgabetasuna sortzen zidaten». 

Lehen bi etapatan (6,5 eta 8,5 kilometro) kontrako korronte handia izan zuten, haize oso indartsuarekin norabide guztietatik eta olatu handiekin. Mateosek bi etapak irabazi zituen neoprenorik gabeko modalitatean, eta alde handia atera zien sailkapen orokorrean atzetik zihoazen igerilariei. Hirugarren (10 km) eta laugarren (5 km) etapetan eguraldia hobetu zen. Hirugarren etapa berriro irabazi zuen; laugarren etapan taldean joan ziren eta azken metroetan erabaki zen garaipena, eta Mateosek bigarren egin zuen. Sailkapen orokorrean Ioseba Mateosek 7.45.53ko denbora egin zuen, bigarrena Mickael Colin izan zen (8.17.00) eta hirugarren Naim Hammoutene (8.58.02).

Egindakoaren pozak ez duela neurririk esan du igerilari ibartarrak: «World Open Water Swimming Association (WOWSA) erakundeak aitortutako nazioarteko proba bat osatu dut, mundu osoko parte hartzaileekin bizi bezainbeste ikasi dut, eta lehen hiru etapak irabazi eta azkenekoan bigarren izan naiz. Probako irabazlea izatea sekula ez nuen imajinatuko, are gutxiago izan ditugun baldintza meteorologiko gogorrak kontuan hartuta».

Mateosek eskerrak eman dizkie emaitza hori posible egin duten guztiei: «Nire entrenatzaile Alberto Perezi, nire kirol-nutrizionista Jesus Apellanizi, nire fisioterapeuta Jonander Goenagari, Tolosako entrenamendu taldeari eta, bereziki, 5 urte nituela nire entrenatzaile izan zen Txema Zumarragari. Maiatzean zendu zen. Txikitatik balioak irakatsi zizkidan. 11 urte dira igeriketara itzuli ninduela, eta nolabait, bizitza salbatu zidan. Nire erronka hauek bizitzeko filosofia bat dira, eta nire zaletasunik handiena». Orain, urtarrilera arte atseden hartuko du igerilari ibartarrak, eta gero 2026rako helburuetan pentsatzen hasiko da.

Argazkiak: Morocco Swim Trek

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!