Banatu dituzte Ibarra-Galtzakomik lehiaketako sariak

Ataria 2025eko abenduaren 12a

Aurten 18. edizioa du komikien txapelketak, eta orotara, 294 pieza jaso dituzte. Jabi Isasik irabazi du sari nagusia Erresilientzia lanarekin, eta gazteenen mailan bigarren urtez segidan irabazi du Gari Azpeitiak.

Beste urte batez Ibarra-Galtzakomik komiki-lehiaketa antolatu dute elkarlanean Ibarrako Udalak eta Galtzaundi euskara taldeak, eta gaur banatu dituzte sariak. Guztira, 294 komiki jaso dituzte —17 urtetik gorako kategorian, sekula baino gehiago—, eta lan guztiak ikusgai egongo dira Ibarrako kultur etxean.

Lau adin tartetan sailkatu dituzte parte hartzaileak eta kategoria bakoitzeko saridunak izendatu dituzte. Aurten 18. edizioa bete du txapelketak, eta sari nagusia —17 urtetik gorakoa— Jabi Isasi Floresek irabazi du Erresilientzia lanarekin. Bigarren postuan, berriz, berdinduta geratu dira Izarne Zelaia Arratibel Gaueko ilunean eta Saioa Maritorena Etxeberria Ez al dira gauza bera? komikiekin.

Horrez gain, urtero argitaratzen dute lehiaketako komiki bat eta, aurten, Isasiren Erresilientzia papereratuko du Denonartean argitaletxeak. Sariak jaso berritan gogobeteta hitz egin du komikiaren egileak: «Ilusio handiz jaso dut saria; baita sorpresa puntu batekin ere, gainerakoen lanak begiratu eta sekulako maila dutela ohartu bainaiz».

Adinak adin, maila handia
Gazteagoei begira, 13 eta 16 urte bitartekoen mailan, Izei Gallastegi Molerok irabazi du Hitzordu garrantzitsua komikiarekin; 10 eta 12 urte arteko kategorian Luka Diez Corresek jantzi du txapela Ikuspegi desberdinak lanarekin; eta 9 urte artekoen mailan, berriz, Gari Azpeitia Casiren Arranoaren begirada lana izendatu dute onena —Azpeitiak iaz ere irabazi zuen lehen saria kategoria berean—.

Epaimahaia Yurre Ugarte idazleak, Joseba Larratxe Josevisky arkitekto zein komikigileak eta Maite Caballero ilustratzaileak osatu dute. Bestalde, ohi bezala, saridun guztiak Xabiroi aldizkarira harpidetuko dira urtebetez.

Irabazleak

  • 9 urtera arte
    • 1. Saria: Arranoaren begirada Gari Azpeitia Casi.
      • Saria: Opari txekea (Elkar) eta komiki bilduma (Erein).
    • 2. Saria: Munstro arraroa Vera Sanchez.
      • Saria: Komiki bilduma eta Ibarrako merkatarien oparia.
    • Ibarrako onena: Egia bihurtu zen ametsa Maren Arsuaga Corres.
      • Saria: Komiki bilduma eta Babel marrazketarako materiala.
  • 10 eta 12 urte artean
    • Aipamena: Ikuspegi desberdinak Luka Diez Corres.
      • Saria: Tamayo marrazketarako materiala eta komiki bilduma (Erein).
    • Ibarrako onena: Inpernuaren iraungitzea Alex Lopez eta Ekhiotz Davila.
      • Saria: Ibarrako merkatarien oparia eta komiki bilduma.
    • Aipamena: ‘Palestina’ Aiora Nogales eta Araitz Olariaga.
      • Saria: Komiki bilduma eta Babel marrazketarako materiala.
  • 13 eta 16 urte artean
    • 1. Saria: Hitzordu garrantzitsua Izei Gallastegi Molero.
      • Saria: 200€ eta komiki bilduma.
    • 2. Saria: Antsietatea Eider Cajo eta Tatiana Castro.
      • Saria: 100€, merkatarien opari txekea eta komiki bilduma.
    • Ibarrako onena: Liburua Nahia Garmendia.
      • Saria: Komiki bilduma.
    • Aipamena: Belaunaldi arteko sororitatea Uxue Mayoz Mujika eta Laida Larrarte Obineta.
      • Saria: Komiki bilduma.
  • 17 urtetik gora
    • 1. Saria: Erresilientzia Jabi Isasi Flores.
      • Saria: 700€ eta Karlatz garagardotegian bi lagunentzako afaria.
    • 2. Saria: Gaueko ilunean Izarne Zelaia Arratibel.
      • Saria: 150€ eta Eguzki Lore tabernan bi lagunentzako afaria.
    • 2. Saria: Ez al dira gauza bera? Saioa Maritorena Etxeberria.
      • Saria: 150€ eta Eguzki Lore tabernan bi lagunentzako afaria.

 

  • Danonartean argitaletxearen saria

    • Komikia argitaratzeko aukera: Erresilientzia, Jabi Isasi Flores (Izarra).

  • Mahala baserriko produktuez osatutako bi saskien irabazleak: 
      • Ibon Gonzalez Arribas
      • Arhane Txapartegi Ugartemendia

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!