Gabonetako apaingarriak sortzeko ikastaroa, Ibarran

Leyre Carrasco 2025eko abenduaren 11

Erretxinarekin egingo dituzte piezak, Gabonetako koroi-apaingarria osatzeko. Hilaren 14an egingo dituzte saioak, Ibarrako Nire Esku marrazketa eta pintura eskolan.

Gabonak bertan direla eta, etxea atontzeko apaingarrien tailerra egingo dute Ibarran. Leyre Lejeune eta Laia Castillo ama-alabek gidatuko dute saioa, eta erretxinarekin egindako apaingarriak egiten irakatsiko dute, ondoren horiekin Gabonetako koroi-apaingarria osatzeko. Abenduaren 14an egingo dute tailerra, Ibarrako Nire Esku pintura eskolan. Bi saio izango dira; lehena 10:00etan egingo dute eta haur eta nerabeei bideratuta egongo da, eta bigarrena 16:00etan izango da, helduentzat. Interesa dutenek aurretik eman beharko dute izena 630 842 820 zenbakira idatzita eta Bizum bidez egin beharko dute ordainketa –35 euro–.

Ofizioz botikalaria bada ere, txikitatik du gustuko arte mundua Lejeunek. «Nire familian artea beti presente egon da; amak beti ikastaroetara apuntatzen ninduen. Gaur egun gai naiz honekin orduak igarotzeko, jateari eta lo egiteari utzi arte», adierazi du. Ez da horretan bakarrik aritzen ordea, gaur egun Laia Castillo alabarekin batera egiten baititu piezak.

Castillok 10 urte besterik ez ditu, eta dagoeneko ekintzailea da. Izan ere, amarekin batera egindako lana zabaltzeko eta balorea emateko asmoarekin sortu zuen @eylaresinart izeneko Instagram kontua. «Laiari sare sozialen beste aurpegia ikusteko aukera eman dio Eylak, eta bizitzak balio duenaz ohartu da honekin», azaldu du LejeunEk.

Erretxina ultramorearekin egindako bitxi eta apaingarriak egin eta zabaltzen dituzte bertan. «Erretxina ultramorea ontzi txikietan saltzen da, pieza txikietarako erabiltzen den produktua delako, eta AB erretxinarekin gertatzen ez den bezala –momentuan erreakzionatzen duen nahasketa bat da, 24 edo 48 orduetan gogortzen dena–, lanparatik igarota hiru edo zortzi minutu bitartean gogortzen da, erosten duzun kalitatearen arabera. Beraz, batetik, pazientziarik ez duenari gozatzeko aukera ematen dio, eta bestetik, hainbat geruzatan lan egiteko aukera ere eskaintzen du, efektu ezberdinak sortuz», azaldu du.

Haien lana sare sozialetan partekatzeaz gain, tailerrak antolatzen hasi berri dira. Horretarako beste erakusleihoa dute Ibarrako Nire Esku marrazketa eta pintura eskola. Marce Tena da pintura eskolako arduraduna, eta Lejeunerekin hainbat lotura-puntu ditu; erosle-saltzaile, ikasle-irakasle, lagunak eta familia dira. Tena, ordea, marrazketan eta pinturan aritzen da, baina AB izeneko erretxina ere erabiltzen du hainbat obretan. Lejeunek kontatu bezala, «erretxina ultramorea erabiltzen hasi nintzenean Marceri eskatu nion laguntza, ez nekielako ondo zer egin nezakeen. Egun batean lan batzuk egiteko elkartu ginen eta bere eskolan tailerrak egiten hasteko proposatu zidan». Eta hala hasi zen Castillo alabarekin batera. Momentuz hiru ikastaro egin dituzte, «baina dagoeneko taldetxo bat osatu dugu eta oso pozik gaude bertan egindako lanarekin»

MARRAZKETA ETA PINTURA ESKOLA

Duela hamar urte inguru zabaldu zituen Nire Esku marrazketa eta pintura eskolako ateak. Ibarrako Arantzazu kaleko 12. zenbakian dago kokatuta eta «norberaren sormena pinturaren eta marrazkiaren bidez ikasteko eta garatzeko espazioa» dela azaldu du Tenak. Horretarako, adin guztietarako eta ordutegi zabaleko eskolak eskaintzen ditu, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 19:00etara. Asteburu batzuetan, gainera, bestelako tailerrak –Lejeune eta Castillorena kasu– ere egiten dituzte bertan.

Horrez gainera, erakusketak ere antolatzen dituzte. Azkena, esaterako, Ibarrako Lejeune Botikan egin dute. «Aurten bizitzaren zuhaitza jarri da gai gisa, eta eskolan 50 lan baino gehiago egin dira horren bueltan eta horietako bat herriko farmaziako urteko egutegiaren irudirako aukeratu da. Ez da lehiaketa bat izan, erakusketa bat baizik, eta parte-hartzaile bakoitzari opari bat eman zaio».

Tenak ere hainbat erakusketetan parte hartu izan du, eta orain, erakusketa berria prestatzen ari dela jakinarazi du: «Hiru erakusketa ditut  hitzartuta; horietako bat Tolosan eta beste biak Donostian izango dira, baina obra guztiak bukatu arte ezin ditut horien datak zehaztu». Egunean zehar zeregin ugari –bi alaba ditu eta arratsaldeetan eskolak ematen aritzen da– izan arren, inspirazioa ez zaio joaten Tenari, eta obra berriak sortzen jarraitzeko gogoarekin dagoela aitortu du.

Era berean, eskolan parte hartzeko gonbita zabaldu du, eta horretarako interesa dutenek 647 96 19 15 zenbakira deituta eman dezakete izena.

Caracteres: 4289 | Palabras: 584 | Párrafos: 12 | Líneas: 153 />99 | Columnas: 5

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!