Ibarran duten «arazo potoloena» irisgarritasuna eta mugikortasuna dela dio alkateak, eta datorren urteko aurrekontuaren zati bat arlo horretara bideratuko dute. Izan ere, urteak daramatzate hori hobetzeko lanak egiten. Iaz, esaterako, herriaren iparraldeko bizilagunekin parte hartze prozesu bat abiatu zuten eta hainbat behar identifikatu zituzten, tartean, igogailuena. Datorren urtean Julian Gaiarre eta Argindegi auzoetan igogailua jartzeko aurreproiektua egingo dute, eta urte hasieran abiatuko dituzte lan horiek.
Euskal Herria kaleko 85. zenbakian ere hainbat lan egitea aurreikusten dute. Izan ere, momentu honetan bertan bizi diren bizilagunek ez dute espaloirik, eta datorren urtean espaloia eta zebrabidea jartzeko obrak hasiko dituztela jakinarazi du alkateak, «bizilagunen segurtasuna, mugikortasuna eta irisgarritasuna bermatzeko». Foru Aldundiaren laguntza izango dute horretarako.
Bestalde, datorren urtean amaituko dituzte San Bartolome, Julian Gaiarre eta Elduaran Behekoa kaleetan hasiak dituzten birgaitzeko obrak. Irisgarritasuna, eta, oro har, eremuko espazio publikoaren kalitatea hobetzeko helburuarekin hasi zituzten obrak, eta Gipuzkoako Urak-ekin lankidetzan, ur hornidura eta saneamendu sarearen berritze lan garrantzitsu eta beharrezkoak ere egiten dabiltza inguruan.
Aurrekontuaren beste partida bat, ekainaren 13ko uholdeen ondorioz, Izaskungo auzoan egin ziren bi luiziak konpontzera bideratuko dute; horietako bat errepidean sortutakoa, eta bestea Maita Bekoa bidegurutzean. Azken horren konponketa lanekin urte honen bukaeran hasiko dira eta errepidearen obrak datorren urtean egingo dituztela jakinarazi du alkateak, «proiektu potoloago bat egitea eskatzen duelako eta partida handi bat bideratuko dugu».
Datorren urtean, gainera, Hirigintzako Plan Orokorraren lanketarekin ere hasiko dira. 2018an onartu zen aurreko plan orokorra, eta gabezi batzuk identifikatu ostean, hemendik urte batzuetarako Hirigintza Plana «ondo marraztuta» uztea da legealdi honetarako duten beste asmoetako bat.
Ingurumenari dagokionez, baso-lurrak erosteko partida txiki bat sartu dute aurrekontuan, «bertako zuhaitzak babestu eta basoak zaintzeko helburuarekin».
Horrez gainera, aurten, energia-komunitateak sortzeko prozesuari ekin dio Ibarrak, herritarrei irekitako dinamizazio-saioen bidez. Saio horiek Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak antolatu zituen, Ibarrako Udalaren laguntzarekin. Hor ere indarra jartzeko asmoa dutela jakinarazi du alkateak, «datorren urtean proiektu eraginkor bat gauzatu ahal izateko».
Era berean, 2026an Apatta industrialdeko bigarren fasea martxan jartzeko saiakera egingo dute.
Baina bada bereziki udal ordezkariak kezkatzen dituen gai bat: hondakinak. Alkateak azaldu duenez, «hori ez da udalaren ardura bakarrik, Mankomunitateak kudeatzen baitu, baina 7/2022 legearen baitan herritarrak derrigortuta gaude sortzen dugun zaborraren % 100 ordaintzera, eta Ibarran birziklapen tasak beherakada nabarmena izan du». Hori dela eta, kontzientziazio kanpainak egiteko asmoarekin diru-iturri txiki bat bideratuko dute.
Horrez gain, beste hainbat arlotara ere bideratuko dute aurrekontuaren zati bat; besteak beste, Gizarte Zerbitzuak eta Euskara bezalako arloak bermatuko dituzte, hirugarren adineko herritarrekin orain arte egin dituzten egitasmoekin jarraituko dute, eta orokorrean eragile guztientzako diru laguntzak bermatuko dituzte. Gainera, Gaztezulok datorren urtean 10 urte beteko ditu eta aurrekontuaren zati bat urteurrena ospatzeko eta lokalaren sabaia eraberritzeko erabiliko dute.