Gipuzkoako gazteriaren osasun mentalaren eta, bereziki, antsietate-egoeren prebentzioan laguntzeko helburu du saioak. Ainhoa Urretagoiena trebatzailearen ustetan, «gure burua hobeto ezagutzea, gure autoestima hobetzea eta autokrontola irabaztea» da saio honetan lortu beharrekoa. Horretarako, batetik, gazteei antsietatea ezagutzen eta kudeatzen lagunduko dieten ezagutzak eta tresnak eskaini dizkiete, eta bestetik, esperientziak trukatzeko eta egoera normalizatzeko gune seguru bat sortuko dute.
«Hori guztia espazio seguru batean lortu behar dugu, taldearen babesarekin eta ariketa batzuen bidez, izan ere, oso parte hartzailea izango den saio bat da, eta azkenean, gure pentsamenduak eraldatzen, gure gorputza hobeto entzuten eta amorrua, tristura eta beldurra bezalako emozioak hobeto kudeatzen eta besarkatzen lortuko dugu», gaineratu du Urretagoienak.
Ibarrako Udalak, Badabidebat elkartearen batera antolatu du saioa eta azaroaren 15ean izango da, 16:30etatik 19:30era, Gaztezulon. Doakoa da eta 17 eta 24 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Interesa dutenek www.gipuzkoa.eus webgunearen bitartez eman ahalko dute izena.
GAZTEEN AHALDUNTZEA
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Treba gazteak ekimenaren harira antolatu dute saioa. Ekimen horrek, 17 eta 24 urte bitarteko Gipuzkoako gazteei ahalduntze-prozesuan lagunduko dien prestakuntza eskaintzea du helburu. Ildo horretan, gazteen emantzipaziorako, garapenerako eta hazkunde pertsonal eta kolektiborako prozesuak sortu eta finkatuko ditu. Aurten, horren bueltako 45 saio egitea aurreikusi dute, eta horietako bat izango da Ibarran egingo dutena: Stop antsietatea.
Badabidebat elkarteak gidatuko du. Hain justu, Gipuzkoako gazteen zailtasunei aurre egiten laguntzeko zerbitzua eskaintzen du elkarteak, doan eta modu anonimoan. «Tresnak eta baliabideak eman nahi dizkizugu, zure egoerari aurre egiteko gai izan zaitezen eta aurrera jarrai dezazun», azpimarratu dute elkartetik. Informazio gehiago www.badabidebat.eus webgunean lor daiteke.