Naia Amondarainek bi urtez luzatu du hitzarmena Laboral Kutxa-Euskadi taldearekin

Ataria 2025eko azaroaren 5a

Idoia Eraso eta Naia Amondarain, proba batean. LABORAL KUTXA-EUSKADI

Txirrindulari ibartarrak 2026 eta 2027 urteetan jarraituko du goi mailako txirrindularitzan.

Naia Amondarainek (Ibarra, 2001) Idoia Eraso iruñarrarekin batera berritu du hitzarmena LABORAL Kutxa-Euskadi taldearekin. «Amondarain eta Eraso etxeko bi txirrindulariak dira eta LABORAL Kutxa-Euskadiren harrobi- eta herrialde-proiektua ordezkatzen dute», zehaztu dute taldeko arduradunek. «Biek txirrindularitzako maila goreneko ziklistak izateko erronka bete ahal izan dute. Taldeak bere irizpidea baieztatzen du: euskal eta inguruko txirrindulari onenak izatea egitura profesional batean, munduko elitean txirrindularien hazkundea eta garapena bultzatzeko». Amondarainek hiru urtea egin ditu dagoeneko taldean.

Amondarainek bere aukera aprobetxatu du, urte eta erdiz gelditik egon ondoren aldakako lesio batengatik, 2023 osoan eta 2024aren erdian. «Zorionez, osatu egin da eta 2025ean denboraldi oso bat lehiatu ahal izan du, Italiako Giroan debuta eginez. Bere taldekideak bezala, aurrera egin du taldearen egutegi zorrotzean, eta taldean eta tropelean duen eginkizuna aurkitu du», zehaztu du taldeak.

«Aurten asko gozatu dut orokorrean, nahiz eta denboraldi guztietan bezala gorabeherak egon diren», azaldu du txirrindulari ibartarrak. «Nire lekua aurkitu dut taldean, eta horrek erosotasuna eman dit, baita hobetzen jarraitzeko gogoa ere. Entrenamendu eta lehiaketa bakoitzaz gozatzen ere saiatu naiz, eta uste dut lortu dudala». Italiako Giroa lehiatzea, txikitatik zuen ametsa, lanean jarraitzeko bultzada izan dela aitortu du. «Hurrengo bi urteetan, beste pauso bat eman nahi dut eta nire hazkundearekin jarraitu, noraino iristeko gai naizen ikustea, nire gorputza noraino hobetu dezakedan. Azkenik, taldeari ahalik eta gehien lagundu nahi diot, eta egindako akatsetatik ikasi».

Ion Lazkano Laboral Kutxa-Euskadi taldeko kirol zuzendariak azaldu duenez, «bi txirrindulari euskaldun dira, etxekoak, eta urtero pausoak ematen dituzte. Beraz, albiste bikaina da biek berritzea hurrengo bi denboraldietan. Idoiak proiektuaren ia hasieratik darama egituran, eta plazer bat da urtez urte hazten ikustea. Horren adibide da aurten Tourrean parte hartu izana da. Era berean, Naiak debuta egin du Giroa bezalako handi batean. Izan zuen lesioaren ondoren, aurrerapausoak ere eman ditu, egutegi aproposarekin».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!