Ibarrako Udalak salatu du joan den urriko asteburu batean ikastolako patioan txikizioak egin zituztela. Ikastolako patioa berritu eta herritarrek erabiltzeko ireki zutenetik behin eta berriz izan ditu erasoak «gunea urruti eta inork zaindu gabe dagoela aprobetxatuz». Ikastolan ez ezik, Araneko irakurketa txokoan herritarren eskura dauden hainbat liburu ere errekara bota dituzte. «Ekintza horiek ikastolari eta herritarrei guneak erabiltzeko sortzen dizkieten eragozpenez gain, kalte ekonomiko nabarmena eragiten diote udalerriari. Gainkostu hori herritarrok geure gain hartzen dugu –aurrekontuan ez baitago jasota horrelako partidarik–, eta beharrezkoak diren beste proiektu edo egitasmoak gauzatzea zailtzen dute», esan du udalak.
Horiek horrela, udalak herritarrei hausnartzeko, eta zehazki familiei, seme-alabekin hitz egiteko eskatu die «jokabide horiek ezin baitira normalizatu». «Guztion ardura da udal guneak zaintzea eta mantentzea, ez udalarena soilik. Hori dela eta, jakinarazi nahi dizuegu halako ekintzak berriz errepikatuz gero udala kontrol-neurriak ezartzeko azterketa egiten ari dela egileak nor diren identifikatzeko», gaineratu du.