Unai Zubeldiak (Ibarra, 2003) txirrindulari profesional izateari utzi dio, bi urtez Euskaltel-Euskadin aritu ondoren.
Nolatan erabaki duzu txirrindularitza uztea?
Garrantzitsua da norbera bere ogibidearekin gustura eta eroso sentitzea, eta nik nire burua txirrindularitza munduan lekuz kanpo ikusten nuen, ez ninduen guztiz betetzen. Beraz, nire lekua bilatzen jarraituko dut.
Bi urtez egon zara Euskaltel-Euskadi taldean. Zer bizipen izan dituzu?
Hasieratik kontziente izan naiz sekulako pribilegioa dela. Txikitatik txirrindularitza gustuko izan dut, eta emaitza onak lortzearen inertzia horrek ere aurrera bultzatzen ninduen. Azkenean nire burua profesional mailan topatu nuen, asko bilatu gabe, pixka bat sorpresaz. Esperientzia polit pila bat bizitzeko aukera eman dit, baina pixkanaka ikusten joan naiz ez zela epe luzerako izan nahi nuen ogibidea.
Zerk ez ditu guztiz bete?
Lehenengo urtean eroriko itsusi batzuk izan nituen, eta beldurra sortzen dizu. Gero eta kontzienteago izaten zara zer arriskutan jartzen duzun zeure burua. Horretaz gain, gaixotasun asko izan ditut: gorputza hainbeste zukututa, egunerokoan ahulduta ibiltzen zara, eta kondenatzen zaitu zure existentzia osoa txirrindularitzari dedikatzea. Balantzan jarrita, ez nuen hainbesteko bidesaria ordaindu nahi.
Ikasi ere esperientzia guztietatik ikasten da...
Bai, noski. Txirrindularitzatik irakaspen pila bat ekarri ditut, lagun pila bat, eta bide honetan errendimendu goren horren bila profesional pila batekin hasten zara elkarlanean, puntako zientzialariekin: nutrizionistak, aerodinamikan adituak, entrenatzaileak... Irakaspen asko eta profesional askoren harremanak sortu ditut hortik.
Alde handia dago afizionatuetatik profesionaletara?
Tropelaren maila izugarri igotzen da, eta xehetasun guztiek garrantzia dute. Arriskuak hartzea derrigorrezko faktorea bihurtzen da.
Zer esan dizute taldekideek erabakiaren inguruan?
Mundu guztiak ulertu du erabakia, nire ustez. Askori pena eman die, ondo ikusten baininduten, potentzial askoko txirrindulari bat bezala, baina denek ulertu dute eta denek babestu naute.
Orain zer egiteko asmoa duzu?
Txirrindularitzako ibilbidean inoiz ez ditut ikasketak albo batera utzi, beti egunean eraman ditut. Ekainean graduatu nintzen, eta nire asmoa da pixkanaka lan munduan sartzea. Business Data Analytics izena du egin dudan graduak, eta matematika, datuen zientzia eta ekonomia uztartzen ditu. Ikasi dudana adimen artifizialera eta big dataren mundurantz bideratu nahi dut. Gaur egun teknologiak gizartean duen eraginarekin, etengabe milaka datu ari gara biltzen, eta datu guztiek antolatu eta horiek zukutzeko bidean hainbat adar daude. Alor horretan egin nahiko nuke lan.
Bide horretan, txirrindularitzarekin lotura izaten jarraituko duzu?
Oraindik harreman asko dut txirrindularitza munduko jendearekin, eta ziur gertutik harremanetan jarraituko dudala. Lana egite aldera oraindik ez dut asmorik, baina ez ditut ate horiek itxi nahi.
Orain beste toki batetik egongo zara lotuta txirrindularitzarekin.
Bai kirol bezala, eta bai ikuskizun bezala. Telebistatik jarraituko dut, baina pasio berarekin.
Bizikletarekin jarraituko duzu, edo denbora baterako utziko duzu?
Txirrindularitza nire kirol gustukoena da, eta ziur jendeak topatuko nauela hemengo errepideetan. Hori bai, beste era batera eta lasaiago.
Zikloturistentzako probetan parte hartuko duzu?
Bere gorputza estutu nahi duenak baditu aukera asko, eta nire kasuan joango naiz ikusten. Eskualdean erreferente den Abraham Olano Martxan parte hartuko dut ziurrenik, baina bestela ez dut nahi lotu neure burua inongo probetara.
Lortutako sasoia galtzea ez da gustukoa izango.
Kirol batean profesional mailara iristen den edonork pasioa izaten du. Txirrindularitza profesionala utzi nuenetik bizpahiru aste daramatzat, eta gorputzak eskatzen dizu kirola egitea. Zure izaeraren parte ere bihurtzen da, eta zentzu horretan ziur segituko dudala kirola egiten.