Ibarrako Piparra Mendi Duatloiak bere 15. aldia izango du larunbatean. Bidetxur Mendi Klubak antolatuta, aurtengoan ibilbidea samurtu egin dute, parte hartzea errazteko. «Ibilbidea antzekoa da, eta parte teknikoagoak kendu egin ditugu eta desnibela gutxitu», esan dute antolatzaileek. «Beraz, lehenengo aldiz mendi duatloia egin nahi duenarentzat aukera egokia da». Proba 15:30ean hasiko da, Ibarrako plazatik.
Hiru zati izango ditu mendi duatloiak: lehenengoan, 5,58 kilometroko mendi lasterketa, 178 metro desnibel positiboarekin; bigarrengoa 14,10 kilometroko ibilbidea mendi bizikletaz, 436 metroko desnibel positiboarekin; eta hirugarrengoan 1,81 kilometroko mendi lasterketa, 56 metroko desnibel positiboarekin.
Aurten izena emateko epea ohi baino lehenago bukatuko da. Hain justu, gaur gaueko hamabietan itxiko da. Parte hartu nahi duenak Web.rockthesport.com helbidean sartu behar du. Izena bakarka eman daiteke, eta 16 urte beteta izan behar dira, edo bikoteka, eta orduan 14 urte beteta izan behar ditu kirolariak. Federatuta dagoenak 20 euro ordainduko du, eta ez dagoenak 25 euro; bikote bakoitzak, berriz, 35 euro ordainduko du.
Duatloi Txikia ere antolatu dute. 15:00etan 11 eta 13 urte artekoek parte hartuko dute, eta lehenbizi korrika 840 metro, bizikletan 1.740 metro eta korrika 420 metro egingo dituzte. 15:15ean 8 eta 10 urte artekoek hartuko dute parte, korrika 420 metro, bizikletan 1.160 metro eta korrika 420 metro eginez. Azkenik, behin helduen mendi duatloia abian jarrita, 15:35ean 0 eta 7 urte bitarteko haurrek bere duatloia egiteko aukera izango dute: 150 metro korrika, 320 metro bizikletan eta 150 metro korrika. Parte hartu nahi dutenek izena plazan bertan eman dezakete, probak hasi aurretik.