Ibarrako EAJk legealdi erdian egindako lanaren balorazioa egin du

Ataria 2025eko urriaren 28a

Ibarrako talde jeltzaleak esan du, 2023an hartu zuen konpromisoari eutsi diola bi urte hauetan: «Oposizio eraikitzaile eta arduratsua, beti ibartarren ongizatea erdigunean jarriz».

Talde jeltzaleak esan du bi urte hauetan eguneroko lana eta udalerriko «benetako» arazoei arreta jartzea izan dituela lehentasunak. «Irtenbide praktikoak bultzatu ditugu, hala nola, hiri-altzarien mantentzea, eta proposamen zehatzak aurkeztu ditugu Madariaga Jauregiari erabilera egokia emateko, beste hainbat interes publikoko gaietan bezala. Herritarrenganako hurbiltasunean eta bizilagunen egunerokotasunerako hobekuntza erabilgarrien bilaketan oinarritu da gure lana».

Bi astean behin, Politikarien Batzordearen bileretan parte hartu dute, eta bertan proposamenak eta oharrak helarazi dituzte. «Herri bileretan ere aktiboki parte hartu dugu, hala nola, IUPIn edo jai batzordeetan, betiere ekarpenak egiteko eta eraikitzeko asmoarekin».

Era berean, gainerako udalekin lankidetzan jardun dutela jakinarazi dute, 2030 Agendaren topaketetan, eta, legegintzaldiaren hasieratik, mugikortasun plan berri baten beharra azpimarratu dute. «Ildo horretan, IUPIrekin lan estua egin dugu Ibarrako iparraldeko eremuaren garapenean", eta konpromiso horri eusten jarraituko diotela azpimarratu dute. «Taldearen helburu nagusietako bat da IUPI eta Apatta 2 planak behin betiko amaitzea, Ibarrari etorkizun hobea eskaintzeko ezinbestekoak direlakoan, bai bizi-kalitateari dagokionez, bai enplegu-aukeretan».

EAJk etxebizitzaren arloan bere konpromisoa mantentzen jarraituko duela esan du, eta Etxabeak etxebizitza gisa egokitzeko aukera ematen duen ordenantza berria positiboki baloratzen duten arren, ez dute nahikotzat jotzen. «Ibartar askok oraindik ere bizilekua beste udalerri batzuetan bilatzen dute, eta horregatik, etxebizitza irisgarri eta jasangarriak bermatuko dituzten neurriak bultzatzen jarraitzea beharrezkotzat jotzen dugu, bereziki, gazteei zuzendutakoak».

Gauzak honela, jeltzaleek legealdia hasi zuten jarrera berari eutsiko diotela aitortu dute: «Hurbiltasuna, entzutea eta konpromisoa. Eguneroko lana, ahalegina eta erantzukizuna ardatz dituen politika egiteko modua defendatzen dugu eta helburua argia da: Ibarraren etorkizunerako funtsezko proiektuetan aurrera egitea —hala nola, IUPI eta Apatta 2 planak amaitzea— eta ibartar guztien bizi-kalitatea hobetzen jarraitzea».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!