San Bartolome kalea birgaitzeko obra onartu du Ibarrako Udalak

Ataria 2025eko urriaren 28a

Proiektua sakonago azaltzeko bilera informatiboa egingo dute gaur, 18:00etan, udaletxeko osoko bilkura aretoan.

Irisgarritasuna, eta oro har, eremuko espazio publikoaren kalitatea hobetzeko helburuarekin, San Bartolome kalea birgaitzeko proiektua onartu du Ibarrako Udalak. Gipuzkoako Urak-ekin lankidetzan, ur hornidura eta saneamendu sarearen berritze lan garrantzitsu eta beharrezkoak egingo dira inguruan. Obren exekuziorako kontratua Eregi S.L. enpresari esleitu berri zaio. Obrak azaroaren erdialdean hastea aurreikusten du udalak, eta zenbait hilabete iraungo ditu.

Proiektuaren inguruko informazio zehatzagoa emateko bilera egingo dute gaur, 18:00etan, udaletxeko osoko bilkura aretoan. Bilera horretara joate gonbita zabaldu dute herritar guztiaen artean, baina bereziki, gehien eragindako lurren jabeen parte hartzea espero dute. Horiek dira, Zaldune 2, San Bartolome 15, 17, 19 eta Emeterio Arrese 24 zenbakietako bizilagunak.

Bileran proiektuaren arduradun politikoek eta teknikariek parte hartuko dute, eta obren xehetasunak aurkeztuko dituzte. Azalpenak amaitzean, galdera eta argibideetarako tarte bat irekiko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!