Ibarrako Kirol Elkarteko bazkide da Ramon Iglesias (Ibarra, 1970), eta 2015az geroztik, elkarteko bolarietako bat ere bai. Tolosako sanjoanetan ezagutu zuen zeraindar baten bitartez sartu zen boloen munduan. «Patxi Arrondok federazioak nola funtzionatzen zuen, jardunaldiak non dauden edota urtean zehar zein txapelketa antolatzen diren azaldu zidan, eta harekin hasi nintzen bolatokietara joaten», gogoratu du Ramonek. Elkarteko bazkide zen Juan Mari Alkaiaga zaldibiarra ere izan du gogoan, «berak erakutsi baitzigun gurpila ematen bezalako hitzak erabiltzen jokatzeko garaian».
Ramonek esan du aspaldikoa dela eskualdean boloetan edota tokan jokatzeko ohitura. «Garai batean sagardotegi bakoitzak bere bolatokia zuen eta bertan tragoak jokatzen zituzten, eta baserri bakoitzak ere bere bolatokia edo tokalekua zuen. Zerainen hogeitabat bolatoki zeuden eta Ezkio Itsason adibidez hogeitabi bolatokitako aztarnak aurkitu dituzte. Ibarrako plazan, parkea dagoen lekuan zegoen bolatoki zaharra ere ezagutu dut eta amari entzunda zubia pasata Txinpartanen inguruan ere bazegoen beste bat. Tolosan, Gorriti plazan dagoen Arrameleko auzora doan zubi inguruan ere beste bat zegoen, baita Belauntzako beheko Bentan erreka bazterrean ere».
Garai bateko bolatoki asko desagertu diren arren, berri batzuk eraiki direla gaineratu du: «Belauntzako bolatoki zaharra desagertu da baina berria eraikitzeko aukera eman du beste kokapen batek, Zegamako bolatoki zaharra berritu eta estali egin dute, eta Donostiako Arrobitxulo parkean ere berria egin dute. Desagertzen ari diren bezala, zorionez, berriak ere agertzen ari dira». Horiez gaina, Bidanian, Billabonan, Tolosako Urkizu auzoan eta Amarotzen ere aurkitu ditzakegu eskualdean. Etorkizuna ordea, ez da samurra Ramonen ustetan, «gaur egun kirol aukera zabala baitugu».
KIROLA TRANSMITITZEN
Kirol honetako protagonistak «txapel-gizonak» izan direla aipatu du, «argazki zaharretan, zehazki, adineko gizonezkoak ikusten baitziren jolasean». Gaur egun emakumezko eta gazte gehiago ikusten dira eta haien parte hartzea nabarmendu du: «Txapel-gizon horiek duela gutxira arte ezagutu izan ditut eta adinarengatik batzuk uzten ari dira, baina oso bolari onak izan dira azken egunera arte, nahiz eta etorkizuna atzetik datorren».
Aitari jarraiki hasi zen boloetan Saigots Iglesias (Ibarra, 2007). «7 urte nituen aita boloetan hasi zenean, eta asteburuetan beste herrietako bolatokietara joaten ginen. Nire anaia-arrebak jolasean egoten ziren bitartean, nik boloei arreta jartzen nien, jokatzen hasi nintzen arte», kontatu du. Aitarekin batera hasi zen Ibarran. «Gurpila zer den eta horrelakoak ikasi, bola bakoitza nola jarri behar zen ulertu eta pixkana indarra hartuz joan nintzen».
Saigotsek txapelketa askotan parte hartu du, eta txapel ugari jantzi ditu. Esaterako, 2022an Olaberrian eta Belauntzan izan zen irabazlea, 2023an Zerainen eta Hernanin, 2024an Seguran eta Zarautzen eta aurten, Zegaman irabazi du, besteak beste, gazteen mailako sailkapenean Goierri eta Gipuzkoako txapelketetan. Azken garaipena aitarekin batera lortu zuen Villabonan jokatu zen VIII. Behar Zana Udazken Bola Txapelketan.
Iraileko azken bi asteburuetan izan zen jokoan eta, guztira 27 bikotek hartu zuten parte. Irailaren 20an aurre kanporaketak jokatu ziren, eta irailaren 27an, final-laurdenak, finalerdiak eta finala. Ibon eta Aner Miner aita-seme ereñotzuarren aurka jokatu zuten finala. Partida gogorra izan zela adierazi du Ramonek, birla batengatik galdu baitzuten lehen puntua. Hala ere, segituan bina jarri eta Ramonek jaurti zuen azken tiraldia. «Dena nire esku zegoen eta ezin nuen hutsik egin, galdu izan bagenu nire errua izango zatekeelako», kontatu du Ramonek. Azkenean, txapela janztea lortu zuten ibartarrek.
IBARRA ETA BELAUNTZA BAT
Ibarra eta Belauntzako herritarrek osatzen dute Ibarra-Belauntza bola eta toka taldea; gaur egun 12 partaidek osatzen dute, eta horietatik bi emakumezkoak dira. «Ibarra Kirol Elkartea da kluba, eta duela urte batzuk estatutuen moldaketa bat egin genuen, izatez txirrindularitzako elkarte bat zelako, eta beste modalitate batzuk sartu genituen: boloak eta toka», azaldu du Ramonek.
Ibarran eta Belauntzako bolatokietan egiten dituzte entrenamenduak, eta normalean asteburuetan biltzen dira. Orain jende berria apuntatu dela kontatu du Saigotsek, eta astean zehar ere elkartzen dira. Gaur egun gazte gehiago daudela azpimarratu du eta horien parte hartzea ezinbestekoa dutela kirol honek etorkizunean jarrai dezan. Hortaz, bola edo toka probatzeko interesa duten herritarrek 617 030 680 (Ramon Iglesias) zenbakira deitu dezakete.

Halaber, asteburuan ospatuko duten urteurren festarako gonbita zabaldu dute bolariek. Hain justu, Ibarrako Kirol Elkartearen 59. urteurrena ospatuko dute, eta horretarako bi eguneko festa prestatu dute. Larunbatean bazkaria egingo dute, eta igandean, bola eta toka txapelketak izango dituzte. Izena eman nahi dutenek bost euro ordaindu beharko dute eta 18 urte azpikoek dohainik izango dute. Egunean bertan eman ahalko da izena, 09:30etik 11:00etara.
Adin guztietarako txapelketa izango dela esan du Ramonek, «boloetan aritzea indar kontua dela uste baitu jendeak, baina ez, pisu desberdineko bolak ditugu eta tokan ere distantzia desberdinetik botatzeko aukera izango da». Sariak ere izango dira.
EGITARAUA
Urriaren 25a, larunbata
- 09:00. Diana Giroarterekin.
- 10:45. Elkartetik kalejiran Danon Txokoraino, eta bertan hamaiketakoa egingo dute.
- Ondoren. Trikipoteoa Ibarran zehar.
- 14:30. Bazkaria elkartean.
Urriaren 26a, igandea
- 09:30. Bola eta toka txapelketak.
- 11:00. Elkarteko hildakoen aldeko meza.
