Energia komunitateak sortzeko prozesuari ekin diote Ibarran

Ataria 2025eko urriaren 9a

Igor Zapirain eta Jose Ignacio Asensio, atzo, Ibarrako kultur etxean.

Hurrengo saioak urriaren 22an eta azaroaren 5ean izango dira.

Ibarrak ekin dio energia-komunitateak sortzeko prozesuari, herritarrei irekitako lehen dinamizazio-saioen bidez. Saio horiek Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak antolatu ditu, Ibarrako Udalaren laguntzarekin. Atzo egin zuten lehenengo saioa kultur etxean, eta bertan Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatua eta Igor Zapirain Ibarrako alkatea izan ziren azalpenak ematen.

Hurrengo saioak urriaren 22an eta azaroaren 5ean izango dira, kultur etxean, eta interesa duten herritar guztiek parte hartu ahalko dute. Dinamizazio-saioetan energiari buruzko oinarrizko kontzeptuak azalduko dituzte, hala nola, nola irakurri faktura bat, zer den autokontsumo partekatua, zer den zehazki energia-komunitate bat eta nola batu prozesura. Era berean, energia-komunitate baten parte izateak dakartzan onura ekonomikoak aztertuko dituzte, baina baita sozialak, komunitarioak eta ingurumenekoak ere.

Saio horien helburua da Ibarrako bizilagunek informazioa jaso ahal izatea, antolatzea eta beren energia-komunitatea sortzeko lehen urratsak ematea, energia berriztagarria sortzearen eta partekatzearen abantailei etekina aterata.

Aurkezpenean, Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak azpimarratu zuenez, «Gipuzkoa erreferente bat da jada jasangarritasunean eta trantsizio energetikoan, eta hala izaten jarraitzea nahi dugu. Energia-komunitateek aukera ematen diete herritarrei beren energia sortzeko eta kontsumitzeko, kanpoko iturriekiko mendekotasuna murriztuz, faktura elektrikoa aurreztuz eta sistema eraginkorrago eta demokratikoago baterantz aurrera eginez».

Saio horiek Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren estrategiaren parte dira, Eraldaketa Energetikorako Bulegoaren bidez. Bulego horrek aholkularitza teknikoa, juridikoa eta administratiboa eskaintzen du, bai eta laguntza ekonomikoak ere, autokontsumo, biltegiratze eta mugikortasun elektrikoko sistemak instalatzeko.

Gaur egun, Gipuzkoan dagoeneko 67 energia-komunitate daude martxan 59 udalerritan, 10.000 familia baino gehiago biltzen dituztenak. Helburua da 2027an Gipuzkoako udalerri guztiek gutxienez energia-komunitate bat abian izatea. Jasangarritasun Departamentuak «erabateko konpromisoa» du eraldaketa horrekin. Aurten 1.500.000 euro baino gehiago bideratuko ditu energia-komunitateetarako instalazio fotovoltaikoak eta biltegiratze eta mugikortasun elektrikoko sistemak finantzatzeko.

Argazkiak: Gipuzkoako Foru Aldundia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!