Bigarren agintaldiaren erdira heldu berri da Igor Zapirain (Tolosa, 1975), eta orain arteko lana «positiboki» baloratu du. Lau urteko plangintzaren zati bat bete dute, eta horrekin batera, «herria bizirik» mantentzea lortu dute.
Legealdi erdia igaro da. Nola joan dira lehen bi urteak?
Balorazio positiboa egingo nuke. Tartean, uholdeak izan dira eta horrek geldiarazi egin gaitu. Baina, oro har, nahiko positiboak izan dira bi urte hauek. Gainera, aurretik beste lau urte egoteak erakundeek nola funtzionatzen duten jakiteko laguntzen du. Horrek kudeaketa errazten du.
Denbora honetan EH Bilduren udal gobernuak zein aldaketa egin ditu Ibarran?
Fokua gehienbat irisgarritasunean eta mugikortasunean jarri dugu. Era berean, herriari bizia emateko prozesuan indarra jarri dugu. Gazteekin eta nerabeekin egin dugu lanketa, eta azken bi urteetan hirugarren adinekoekin hainbat proiektu landu ditugu. Esaterako, idazketa edo marrazketa tailerrak antolatu ditugu eta baita hitzaldiak ere. Une honetan, hirugarren adinekoei zuzendutako beste proiektu bat ari gara jorratzen, Adinkide programa. Bakardade egoeran dauden adinekoei boluntarioen bitartez laguntza eskaintzea du helburu.
Irisgarritasuna eta mugikortasunari dagokionean, zer lanketa egin duzue?
Prozesua luzea dela esango nuke. Herriaren iparraldeko zatia hartzen du proiektuak, eta legealdi hasieran jarri genuen martxan. Bertako bizilagunekin parte hartze prozesu bat egin genuen, eta aipatu zituzten beharretatik ikusi dugu igogailuak behar dituztela herriko zenbait auzotan, hala nola, Julian Gaiarren, Argindegin eta Jesus Guridin. Ekonomikoki diru asko eskatuko du, eta aztertzen ari gara. 2026ko aurrekontuetan igogailu horietako bat jartzeko diru kopuru bat jartzea aurreikusi dugu.
Bestalde, ibilgailuekin ere arazoa dugu Ibarran. Horregatik, Zaldune auzoan 25 autorentzat lekua duen aparkaleku bat jarri dugu. Zaila da auto guztientzat tokia izatea. Horregatik, garajea duten herritarrei eskatu nahi nieke, autoak gauetan garajeetan sartzeko. Modu horretan, leku libre gehiago egongo lirateke gainerako autoentzat.
Gazteei begira, zer da bereziki landu duzuena?
Joan den legealdian, gazteentzako etxebizitzak egiteko lanketa egin genuen. Herria gaztetu egin nahi dugu, eta horretarako, gazteak herrian geratzeko baliabideak jarri behar dira. Apustu irmoa egin genuen, eta herriko bi auzotan bi etxebizitza eraikin egingo ditugu, hain justu, Gurutzeagan eta Euskal Herria kalean. Azken honetan, Kutxabanken bulegoaren aldameneko baserria eraitsi egin zuten, eta lursail horretan ari dira eraikitzen. Hori laster bukatuko dutela aurreikusten dut. Etxebizitza horien atzealdean, udalak lursail bat gorde du. Lehen baratzeak ziren gunea, nolabait herriratu egin nahi dugu, berdegune bat izango duen beste kale batekin. Herritarrek aisiarako leku lasai bat gehiago izango dute, beraz.
Gurutzeagako proiektuari dagokionez, lanketa handia behar izan du. Bertan, 37 etxebizitza izango dituen eraikina ari dira egiten. Horietako batzuk babes ofizialekoak izango dira, beste batzuk tasatuak eta gainerakoak libreak. Herriko zenbait gaztek aukera izango dute horietan bizitzeko.
Iraunkortasunaren aldeko pauso garrantzitsua eman berri duzue; udalbatzak 2030 Agendako Ekintza Plana onartu du. Zein asmo duzue horrekin?
2030 Agendaren barruan, parte hartze prozesu bat egin genuen, herritarrekin eta udal langileekin. Horietan ateratako emaitzekin hobetu eta landu beharreko hainbat puntu identifikatu genituen. Programa horrek Agenda 2021ari jarraipena ematen dio. Mundu hobe baterako eta garapen jasangarriaren arlorako ibilbide-orria da, eta egin dugun lanketarekin udalean eta herrian eman beharreko pausoak zehaztu ditugu.
Azken hilabeteetan euriteak izan dira herrian. Nola ari zarete gaia lantzen?
Hasieran kolpe handia izan zen. Eskerrak eman behar dizkiet eraikitzaileei, beraien makinekin lagundu zigutelako. Bestela ezingo genioke egoera horri aurre egin. Ibarran bi luizi handi izan ziren. Horietako bat Izaskunerako errepidean dago. Errepide azpia hondatuta dago, eta momentuz, itxita dago. Bestea, Belabieta inguruan dagoen mendian gertatu zen. Bertako oinezkoentzako igarobidea ahalbidetuta dagoen arren, hor ere esku-hartze bat egin behar dugu. Diru asko beharko da obra horiek egiteko, eta horregatik Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ari gara harremanetan. Aldundiak poltsa bat jarri du euriteek kaltetutako udalerrientzat. Ibarra eskualdeko herri kaltetuena izan zela uste dut, beraz, erantzuna horren araberakoa izango dela espero dut.
Ibarra herri bizia izatea lortu duzuela esan daiteke?
Herritarrek ematen diote bizia herriari. Nabarmendu nahi dut Ibarra beti izan dela bizia, eta hori eragileei esker izan da: festa batzordea, Gaztezulo, Txiribitu aisialdi taldea edo hirugarren adinekoen taldea, besteak beste. Komunitate guzti horri esker du herriak bizia edo mugimendua. Dena den, aipatzekoa da, garai batean boluntario gehiago izaten zirela. Beraz, herritarrei jardueretan parte hartzeko deia ere egin nahiko nieke. Gure aldetik, ateak zabalik dauzkagu, eta edozein proposamen entzun eta aztertzeko prest gaude.
Zein asmo dituzue datozen bi urteetarako?
Hirugarren adinekoekin lanean jarraitu nahi dugu. Azken batean, euren ondorengoei lekukoa eman die. Proiektu ugari egin dituzte herrian, eta horietan euren ilusioa jarri dute. Uste dut adinekoez ikasi behar dugula, eta adinekoek gutaz. Hori da landu nahi duguna.
Bestalde, 2018. urtean onartu zen azken Plan Orokorra, eta aldatu beharreko hainbat puntu ikusi ditugu. Datozen hamabost edo 20 urteetarako baliagarria izango den Plan Orokorra idatzi nahiko genuke. Une honetan, idazkariarekin eta arkitektoarekin ari gara lanean horretan.
Gazteei dagokienez, beraiekin lanean ari diren eragileen elkarlana sendotu nahi dugu. Duela urtebete Ibarra Herri Hezitzailea proiektua jarri zen martxan, eta hori funtsezkoa izango da herri bizi eta gazteago bat sustatzeko.