Martxan da euskarazko istorioak komiki bihurtzeko lehiaketa

Ataria 2025eko irailaren 30a

Dagoeneko zabalik da Ibarra-Galtzakomik lehiaketan izena emateko aukera, eta azaroaren 21era arte eman ahalko da; aurten ere saritutako komiki bat Denonartean argitaletxean argitaratuko da.

Beste urte batez, Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak eta Ibarrako Udalak elkarlanean, Ibarra-Galtzakomik komiki lehiaketa antolatu dute. Hemezortzigarren edizioa izango da aurtengoa, eta ohi moduan, euskarazko komikigintza sustatzeko asmoarekin antolatu dute lehiaketa hau. Aurtengo gaia, ordea, librea izango da.

Urtero lanak Euskal Herri osotik jasotzen direla adierazi du Lur Zaldua Galtzaundiko teknikariak, «eta aukera paregabea izaten da euskarazko istorioak komiki bihurtzen dituzten artista gazte eta helduentzat». Aurreko edizioan, esaterako, 215 lan jaso ziren Euskal Herriko hamaika txokotatik.

SARIAK KATEGORIA GUZTIETAN

Kategoriei dagokienez, ohi bezala, lau sailetan banatu dituzte sariak; 9 urtera artekoena –2016an jaiotakoak barne–, 10 eta 12 urte bitartekoena –2015ean eta 2013an jaiotakoak barne–, 13 eta 16 urte bitartekoena –2012an eta 2009an jaiotakoak barne–, eta 17 urtetik gorakoena –2008an jaiotakoak barne–.

Maite Caballero ilustratzaileak, Yurre Ugarte idazleak eta Joseba Larretxe Josevisky arkitekto eta komikigileak osatuko dute edizio honetako epaimahaia.

Ohiko kategoriez gain, Denonartean argitaletxeak, saritutako lan guztien artean argitaratua izateko lan bat aukeratu duela jakinarazi du Amaia Doyague Galtzaundiko teknikariak. «Aipatu nahiko genuke aurreko urteko edizioan Denonartean argitaletxeak saritutako komiki bat argitaratu zuela ere, eta hori izan zen Nahikari Qian Artanoren Gure koloreak izeneko komikia. Hori datorren astean, urriaren 10an eta 11an Sarako Ikusi Mikusi euskarazko haur eta gazte literatura azokan argitaratuko da». Izan ere, Qianek 17 urtetik gorako sari nagusia jaso zuen, Julen Madariaga altzotarraren Urduritasunean lanarekin berdinduta.

Hala ere, sari guztiak ez dira epaimahiak aukeratuak izango. Partaide guztien artean eta sarituak izan ez diren komikien artean, Mahala baserriko produktuez osatutako bi saski zozketatuko dira». Zozketa abenduaren 10ean ikusi ahal izango da, Galtzaundiren sare sozialetan.

IZEN-EMATEA

Lanek bete beharreko baldintza teknikoak eta lehiaketaren oinarriak www.galtzaundi.eus webgunean aurkitu daitezke eta Doyaguek esan du «ezinbestekoa» izango dela horiek betetzea lanak baloratu ahal izateko. Lanak, besteak beste, euskara hutsean aurkeztu beharko dira, eta erabilitako euskararen bizitasuna kontuan hartuko da. Dagoeneko lanak bidaltzeko epea zabalik dago eta azaroaren 21era arte izango da horretarako aukera.

Bestalde, Ibarra-Galtzakomik lehiaketara aurkeztutako lan guztiak ikusgai izango dira abenduaren 12tik urtarrilaren 5era arte, Ibarrako Kultur Etxean. Azkenik, sari banaketa abenduaren 12an izango da, 19:00etan, Kultur Etxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!