Ekhi Munduate eta Xabier Arrillaga, bizienak enduroan

Ataria 2025eko irailaren 29a

Guztira 23 parte hartzaile izan ziren Ibarran, larunbatean jokatutako II. Enduro Jaitsieran.

Mendi bizikleta arruntarekin Ekhi Munduate alegiarra izan zen irabazlea, bigarren Xabier Huarte tolosarra eta hirugarren Gorka Iriarte. Mendi bizikleta elektrikoarekin irabazlea Xabier Arrillaga tolosarra izan zen, bigarren Sergio Martin ibartarra eta hirugarren Mikel Echart tolosarra.

Enduro jaitsiera III. Mendi Bizikleta Egunaren barruan egin zen, Bidetxur taldeak antolatuta. Beste ekitaldi batzuk ere egin ziren egunean zehar. Enduro hastapenean herriko hainbat gaztetxok parte hartu zuten, eta mendi bizikletarekin hainbat jaitsiera egin zituzten, helduek lagunduta. Ginkana ere egin zuten txikientzat plazan, eta haur ugari izan ziren parte hartzen. Eguna paella jate batekin bukatu zuten, herriko plazako aterpean.

Bidetxur taldeko kideek boluntarioen lana nabarmendu dute, «bestela ez zen posible izango horrelako proba bat antolatzea». Enduro jaitsiera ikusten ere jende asko izan zela azpimarratu dute, eta «giro polita» sortu zen. Aurrera begira berriro ere antolatzeko asmoz azaldu dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!