Enduro Jaitsiera antolatu dute bigarrenez

Ataria 2025eko irailaren 25a

Ibarrako III. Mendi Bizikleta Eguna antolatu du larunbaterako Bidetxur Mendi Taldeak hainbat ekitaldirekin.

Bidetxur Mendi Taldeak hirugarrenez antolatu du Mendi Bizikleta Eguna San Bartolome plazan. Larunbatean egingo dute, eta tartean izango da II. Enduro Jaitsiera. Lehen ekitaldia, enduro hastapena izenarekin, 15:30ean izango da. DBH1 eta DBH4 arteko gazteentzat da, eta Enduro Jaitsieraren zatietako bat egingo dute. «Aurretik eta atzetik helduak joango dira, eta ez da lehiaketarik izango», esan du Iban Amondarain antolakuntzako kideak.

Hurrengo ekitaldia 17:00etan izango da, eta bizikletarekin egiteko haurrentzako ginkana izango da. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako umeentzat prestatuko dute. «Umeak gustura ibltzen dira, arrakasta ere izaten du, eta aurten ere egitea pentsatu dugu», azaldu du Amondarainek.

Enduro Jaitsierak bi zati izango ditu, eta 19:00etan hasiko da, lehen zatiarekin. «Aurreko urtean ez zuen hainbeste arrakasta izan parte hartze aldetik. Probaren ostean jendearekin hitz egitean, esan ziguten penaz zeudela ez zirelako etorri. Beraz, jendea etortzeko gogoz zegoela ikusita, berriz antolatzea pentsatu dugu. Izen-emateak hobeto doaz eta kontentu gaude», zehaztu du Amondarainek. Lehen zatia edo jaitsiera Leaburutik izango da, eta bigarrena, 20:30ean, Izaskundik. Biak batuta denbora gutxien egiten duenak irabaziko du. Bidetxur Mendi Taldeak bere Instagram kontuan jarri duen QR kodea erabiliz iritsi daiteke izena emateko galdetegira

Egunari bukaera emateko, 21:00etan sari banaketa egingo dute eta babesleek emandako produktuekin zozketa. Ondoren, paella jatea egingo dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!