Izena aldatuta hasi du denboraldia 2. B mailan dagoen Ibarrako areto futboleko mutilen talde nagusiak, eta CMO Valves Lauburu Ibarra da oraingo bere izen ofiziala. «Babesle berria dugu eta izena ematen dio taldeari. Guretzako guztiz garrantzitsua da. Klubak gora egin nahi du, eta horretarako indar ekonomikoa eta indarra behar dugu alde guztietatik, eta honek hurrengo urteetarako bultzada ederra emango digu», esan du Ibai Valverde bigarren entrenatzaileak. Aurreko denboraldian bigarren mailara igotzetik gertu egon ziren eta oraingoan ere zilarrezko mailara igotzea izango dute helburu nagusia.
Denboraldia garaipen batekin eta berdinketa batekin hasi dute. Lehen partida Pinsequeren aurka berdindu egin zuten etxetik kanpo, eta pasa berri den asteburuan etxean Anaitasunari 11-3 irabazi zioten. «Lehen partidan pena da ez ginela etxera itzuli hiru puntuekin. 0-4 hasi ginen irabazten, baina momentu horretan jokalari gutxi genituen lesioak tarteko, eta Pinsequek emaitzari buelta eman zion», esan du Valverdek. Anaitasunaren aurka hasieran kosta egin zitzaiela azaldu du: «Defentsa gogorra topatu genuen aurrean, baina denbora guztian burua jaitsi gabe eta lan handiarekin lortu genuen emaitza ederra izatea». Picassent taldearen aurka jokatuko dute asteburuan, eta horretarako Valentzia aldera bidaiatuko dute. «Ez dira oso ondo hasi, baina badakigu partida zaila izango dela», esan du bigarren entrenatzaileak. Igande eguerdian jokatuko dute, eta bertan pasako dute larunbat gaua.
Bost jokalarik ez dute taldean jarraitu: Martin, Beñat, Manu, Txiki eta Zaldu. «Gure identitate hori ez dugu alde batera utzi nahi, eta hor badugu lana egiteko. Baina beste jokalari batzuk batu dira taldera: Sergio, Pol, Vincenzo eta Enaitz zaldibiarra. Azken horrek ematen digu bertako jokalari horren figura hori», esan du Valverdek. Bestalde, Unax Zubiria Txubi atezaina lehen taldearen dinamikan sartuta dago. Valverde bera denboraldi honetan berriro itzuli da klubera. «Urte hauek aprobetxatu ditut nire prestakuntza pertsonalerako eta entrenatzaile ikasketa guztiak bukatu ditut. Bidean Laskorainen etapa polita izan nuen eta 2. B mailako entrenatzaile izatera iritsi nintzen. Aurreko urtean nire herriko Antxo taldearekin lan egin nuen, eta banuen errendimenduko talde batekin egoteko gogoa. Laubururekin beti izan dut lotura handia, eta gustura eta gogo handiz etorri naiz».
Liga irabazteko asmoz
Igoera fasea aurten aldatu egin da, eta liga irabazten duenak ez du bere multzoko play-offeko kanporaketa jokatu beharko. Horrez gain, beste multzokoen aurkako lehen kanporaketan, multzo horietan bigarren geratu den talde baten kontra jokatuko du. Helburu moduan, beraz, liga irabazten saiatu behar direla dio Valverdek: «Oso argi dugu liga oso ona egiten saiatu behar garela, eta hor pauso bat eman behar dugu aurrera. Azken partidan ikusi zen, Anaitasunaren aurka abantailarekin irabazten izan arren, ez genituela besoak jaitsi, eta dena eman genuela bukaerara arte. Hori erakutsi behar dugu, dena irabazi nahi dugula eta partida bukatu arte kantxan hustu egingo garela».
Aurreko denboraldian oso gertu egon ziren Bigarren Mailara igotzetik, eta oraingoan garbi dute hasieratik izango dutela hori buruan, eta planifikazioan ere islatuta egon behar dela igoera fasera sasoi onenean iristeko. Omar Ugalde prestatzaile fisiko eta masajista fitxatu du klubak, eta bere lanak taldeari plus fisiko bat emango diola esan du Valverdek. Jokoari dagokionez, Laubururen identitatea «oso argia» dela esan du: «Erasoan mugikortasun handiko taldea izatea, ausardiaz jokatzen duena. Defentsa-balantzea ez da gure ardura, golak sartzea baizik. Baina, behin baloia galduta, talde moduan egiten ditugun defentsa-jarraibideak zorrotz bete behar ditugu. Gero, jokalariek duten kalitatearekin, beraiek erabakitzea jokaldia nola osatu dezaketen».
Valverdek gaineratu du taldearen jokatzeko modu horrekin zaleek gozatzea garrantzitsua dela. «Nik pertsonalki hori bilatzen dut areto futbolean. Pixka bat aspertuta nago telebistan-eta ikusten ditudan hainbat partidekin; irabazteaz gain, iruditzen zait ikuskizuna garrantzitsua dela. Uste dut asteburuan Belabietan izan direnek gozatu egin dutela Anaitasunaren aurka partidarekin».
Gizonezkoen bigarren taldeak Hirugarren Mailan jarraituko du beste urtebetez. Beraz, talde nagusia baino maila bat beherago. «Ikaragarria da klubeko bigarren taldea Hirugarren Mailan izatea», esan du Valverdek. «Badakigu zer talde gaztea dugun, eta zer zaila den maila horretan horren talde gaztearekin egotea. Nik kantxan ikusten ditut, eta Mikel Diestro gure lehen entrenatzaileak ematen dien prestakuntzarekin, nik ere beraien entrenamenduetan tarteka izaten dudan eraginarekin, eta Txubel eta Garmen beraien entrenatzaileekin denboraldi polita egingo dugula uste dut. Badakigu prestatze fasean daudela, eta ikasi behar dutela aldi berean prestatzen eta lehiatzen». Valverdek gaineratu duenez, «bertako jokalariak hor egoteak herri mailan eta klubarentzat sekulako garrantzia du».