Ibarrako Udalak euskarazko idazketa tailerra antolatu du ikasturte honetarako. Bi orduko hamar saio izango dira, eta horietan ariketa praktikoak eta nozio teoriko laburrak tartekatuko dituzte. Ikastaroa urrian hasiko da, eta maiatzera arte iraungo du. Saioak hiru astean behin izango dira, ostegunetan, 18:00etatik 20:00etara, Txontxoko lokal handian.
Ibarran ez da horrelako ikastaro bat egiten duten lehen aldia, iaz jubilatuei zuzendutako idazketa tailerra egin baitzuten. Iturraldek askotariko idazketa tailerrak ematen ditu, batez ere, gazteagoen artean. «Urte askoan aritu izan naiz jende gaztearekin, eta azken urteetan 18 urtetik gorakoentzat ari naiz ikastaroak ematen. Aldea handia dago adinaren arabera, izan ere, gaztetxoek horrelako tailerrak ikasgai moduan hartzen dituzte, eta helduagoek, berriz, euren bizitzako esperientziak paperean nola islatu ikasi nahi izaten dute».
Tailer honetan 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahalko dute, eta izena emateko azken eguna hilaren 19a izango da. Horretarako, Ibarrako Udaleko webgunean dagoen galdetegia bete beharko da. «Zalantza duenari edo beldur puntu hori duenari, hori kentzeko eta ikastaroa edonork egin dezakeela erakusteko da», esan du Iturraldek.
Informazio gehiagorako, 943 671 138 telefono zenbakira deitu daiteke.