Josu Odriozola izan da irabazlea

Ataria 2025eko abuztuaren 30a

XLIII. San Bartolome Saria izan da jokoan eta Baque Movistar Team taldeko txirrindularia izan da azkarrena. Hirugarren postuan iritsi da Eneko Ugartemendia GT Tolosa/Danena taldeko kidea. Maite Urteaga izan da irabazlea emakumezkoetan.

Ibarra Kirol Elkarteak antolatzen duen junior mailako San Bartolome Saria txirrindulari probak XLIII. urtea bete du gaurkoan, eta irabazlea Josu Odriozola bilbotarra (Baque Movistar Team) izan da. Bigarren Aimar Fernandez de Gorostiza (Ipar Maquina - Dimaq) izan da eta ondoren Eneko Ugartemendia (GT Tolosa/Danena). Uzturpe Ikastolaren parean bukatu da lasterketa, eta aurretik bertatik pasa dira txirrindulariak Etxezarretako gainetik igarotzeko. Odriozolak garaipena nola lortu duen azaldu du: «Bagenekien bukaera zela gogorrena. Lehen igoeran alde egin dut, ihesaldia harrapatu dut, eta hortik aurrera dena ematera joan naiz. Azken igoeran nire erritmoa jarri dut eta helmugara bakarrik iristea lortu dut». Lehenengo aldiz parte hartu du proban bilbotarrak. Mendiko sailkapena ere Josu Odriozolak lortu du, eta taldekakoa Viscay Hnos.-entzat izan da.

Proban bi emakumezkok parte hartu dute, eta Maite Urteaga zumaiarra (Grupo Eulen-Nuuk) izan da irabazlea. Lehen aldiz parte hartu du Urteagak proban. Aurreko urtean Ibarrako Mendi Duatloia irabazi zuen. Gaurkoan «gustura» aritu dela esan du Urteagak: «Hasieran, jakin dudanean jende askok parte hartu behar zuela, pixka bat beldurtu egin naiz. Hilabete egon naiz geldirik lepauztaia puskatu nuelako, eta martxa hartu nahi nuen, eta ez nuen nahi erori. Beldur pixka batekin etorri naiz, baina gero ondo moldatu naiz, tropelean ondo sartu naiz, eta aldapak hasi direnean nire erritmora joan naiz. Beraz, gustura egindakoarekin».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!