Amiantoaren inbentarioa egiteko azterlana abiatu du udalak

Ataria 2025eko uztailaren 22a

Amiantec 3.000 S.L. enpresak amiantoaren presentzia aztertuko du eta datorren astean amiantoaren errolda egiteko lanetan ariko dira.

Ekonomia zirkular baterako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 legearen hamalaugarren xedapen gehigarria betetze aldera, Ibarrako Udalak abian jarri du udalerrian amiantoaren inbentarioa egiteko azterlana. Hain zuzen, Amiantec 3.000 S.L. enpresak neurtuko du amiantoaren presentzia, bai eraikin publikoetan bai eraikin pribatuetan.

Udalak adierazi duenez, «amiantodun uralitaren erabilera oso hedatua izan zen XX. mendearen zati handi batean. Zuntz-zementu uhinduzko plakak, uralita izenez ezagutzen zirenak, beren erresistentziagatik, arintasunagatik eta kostu txikiagatik estimatzen ziren. Hala ere, material horrek amianto-zuntzen %10 eta %30 artean zuen. Gaur egun badakigu substantzia hori oso arriskutsua dela gizakien osasunerako».

Amiantoa duten uralitazko plakak, normalean, honako lekutan egon ohi dira: etxebizitzen, pabiloi industrial eta garajeen estalkiak eta teilatu izurtuetan; euri-uren edo hustubideen zorroten eta hodietan; zuntz-zementuzko ur-biltegietan –oso ohikoak dira etxebizitza zaharretan–; eta industriako edo nekazaritzako eraikinetako paneletan eta zatidura-elementuetan.

Hori guztia kontuan hartuta, datorren astean, Amiantec 3.000 S.L. enpresako bi kide Ibarran zehar ibiliko dira amiantoaren errolda egiteko lanetan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!