Ekainaren 27an 09:00etan Capriko irlatik abiatu ziren igerilariak, 60. Capri-Napoli izeneko zeharkaldian. Capri irla eta Napoli hiria banatzen dituen 36 kilometroko distantzia igerian parte hartu zuen Ioseba Mateos igerilari ibartarrak Eventualmente Eventi & Comunicazione di Luciano Cotena enpresa antolatutako zeharkaldian. Irabazlea Ozkan Dizar turkiarra izan zen (8.39.10), bigarren Ioseba Mateos (8.39.35) eta hirugarren Andre Leao Baptista brasildarra (8.44.01).
Uraren tenperatura Napoliko golkoan 27 gradukoa zen probaren egunean eta uretik kanpokoa 35-37 gradukoa izan zen zeharkaldia guztian zehar, zeru urdinarekin. Haizea probaren hasieran 5 km/h izan zen 13:30ak arte, bertatik aurrera haizea 15-20 km/h-koa izan zen, eta igerian ezkerretik eskuinera oso gogor jotzen zuen igeri egiteko eta helmugarako norabidea mantentzea oso zaila bihurtu zen. Itsasoaren olatuak 0,5-1 metrokoak izan ziren. Baldintza horiekin proba neoprenorik gabe igeri egin zuen Mateosek, arautegiak ahalbidetzen zuen moduan. «Zeharkaldi guztian zehar hanketan karranpa asko eduki nituen uraren tenperaturarengatik eta gainera hiru alditan medusak ziztatu ninduen hanketan», esan du Mateosek. «Bale bat agertu zen nire ondoan paraleloan 30 metrotara igerian zeharkaldian zehar eta hegaluze asko izan nituen nire inguruan. Halere, fisikoki eta mentalki oso indartsu nengoen neguan zehar egindako lanarekin erronkari aurre egiteko eta eragozpen guztiak gainditu nituen pixkanaka. Nere bikotekidea izan zen nire laguntza bakarra, nire begiak barkuan Napoli ibilbidean Gps-arekin eta itsasoan animoak eta janaria emateaz arduratzen zena. Bera gabe erronka hau ez litzateke posible izango, bizitza osorako eskertuko diot».
Erronka bera lortzeagatik bakarrik «oso harro» dagoela esan du Mateosek, «baina bigarren postua sailkapen orokorrean ez nuen batere espero. Poza ikaragarri hartu nuen emaitzarekin. Igerilari turkiarra eta ni azkeneko metroetan lehiatu genuen probaren garaipena lortzeko, amaierako esprintean uretako helmuga-arkuan». Orain atseden pixka bat hartuko duela esan du ibartarrak, eta seguruenik laster berriz ere martxan jarriko da Mateos, udaran zehar gelditzen diren zeharkaldietan parte hartzeko.