ELKARRIZKETA

«Domina lortzea ez da zaila, zaila da hor mantentzea»

Asier Imaz 2025eko uztailaren 7a

Matias Clavo Sanchez kanario hazlea. A.I.

Ibarrako amaren etxean, ganbaran, 150 txori inguru ditu Matias Calvo Sanchezek; kanarioekin txapelketetara joatea gustatzen zaio.

Bere zaletasuna pasioz eta artez bizi du Matias Calvo Sanchezek (Ibarra, 1974). Oraingoz denbora-pasa bat da, hobby bat, baina etorkizunean, batek daki lanbide ez ote den bilakatuko.

Zure zaletasunaz norbaiti hitz egiten diozunean, nolako erreakzioa izaten du?

Zaletasunagatik nabilen mundu honetan, jende asko gabiltza, eta hortaz asko hitz egiten dugu. Egia da beste jende bati kontatzen diozunean, harriduraz hartzen dutela. «Horrelako kontuetan ere txapelketak daude?», galdetzen dizute. Bai, eta maila guztietakoak, baita Munduko Txapelketak ere.

Zure zaletasuna, kanarioak dira. Nondik dator hobby hori?

Gu txikitan, kuadrilla osoa, mendira joaten ginen txoriak harrapatzera. Lika deitzen zaion kola moduko batekin harrapatzen genituen. Zuhaitzean jartzen zenuen, kaiolako txori bat ondoan kantari zuela. Besteak etortzen hasten ziren, eta lika horretan itsatsita geratzen ziren. Horrelako kontuekin ibiltzen ginen txikitan.

Gero zer egiten zenuten txori horiekin?

Etxera eraman edo Tolosako merkatuan saldu. Gazte garai haietan, sosa batzuk beti ziren ongietorriak.  

Egia da. Tolosako merkatuan txitak eta denak egoten ziren lehen.  

Bai, txitak ere bai; izan ere, bere garaian txori piloa saltzen zen.

Txoriekiko lotura, beraz, ez da berria zuregan.

Gogoan dut kuadrilla handia genuela, adin desberdinetakoak batera ibiltzen baikinen. Bada, kontu horretan, denak ibiltzen ginen. Eta denak da, denak.  

Ondoren, txoriekiko lotura horrek zein bilakaera izan du zure bizitzan?

16 urterekin lanean hasi nintzen. Ordura arte, etxean beti txoriak izan nituen. Lanarekin, ordea, denbora gutxirekin ibiltzen nintzen, eta kendu egin nituen. Gero soldaduska etorri zen. Ondoren, ezkondu egin nintzen, eta hortik urte batzuetara, kapritxo moduan bikote bat jarri nuen. Egia esan, txoririk gabeko urte horietan ere, berriro jartzeko gogoa barruan izan nuen.    

Zein aukeratu zenituen?

Kanarioak, baina, zehaztasun jakin bat gabekoak. Bat zuria zen eta bestea berdea. Orduan, berriro mundu horretan murgiltzen hasten naiz: txapelketak ikustera joaten naiz, federatu egiten naiz, etxeko bi kanarioak kendu eta beste bi ekartzen ditut…

Zergatik?

Kanarioen txapelketa batean, 300 kolore inguru daude. Niri kanario zuri gainartzailea gustatzen hasi zitzaidan. Erabat zuria da, baina hegaleko punta horixka dauka. Lehen bi haiekin ezin nuen txapelketetara joan, eta pauso hori ematea erabaki nuenez, bi haiek kendu eta zuri gainartzaileekin hasi nintzen. Gero, txapelketara joateko federaturik egon behar zarenez, federatzeko erabakia hartu nuen. Eraztunak bertan ematen dizkizute.

Zertarako dira eraztun horiek?

Eraztun horietan informazioa joaten da: zein urtetakoa den, hazlearen zenbakia zein den, … informazio guztia. Eraztun itxi bat izaten da. Kumeak 5 egun dituenean jartzen diozu hankan, eta gero, hazten denean ezin da atera.

Zure lehen kanario zuri gainartzaileak, nondik lortu zenituen?

Ez zen guztiz horrela izan. Kontua da, normalean, zuri gainartzailea hori batekin elkartzen dela. Esaten dutenez, gainartzaile bat gainartzaile batekin jartzen baldin baduzu, nahasketa hilkorra izaten da. Biak gainartzaileak direlako. Nire esperientziaren arabera, hori ez da % 100ean horrela, aurrera ateratakoak izan baititut. Kontuak kontu, hasiera horretarako, zuri gainartzaile bat eta hori bat behar nituen. Ezkion (Gipuzkoa) lagun on bat nuen, eta hari kanario eme horia erosi nion, eta zuri gainartzailea Tolosako merkatuan bertan erosi nuen.  

Hasierako haiek ez zuten txapelketarako balio, eta hauek bai. Zergatik?

Ez. Txapelketak lehen urteko txoriekin egiten dira, hau da, urte horretan jaiotakoekin. Horregatik jartzen zaie eraztuna, besteak beste, zein urtetakoa den zehazten duelako. Zuk arra eta emea gurutzatzen dituzu, eta kume horiekin joaten zara urte horretako txapelketetara.

Eta bi urte dituztenekin zer egiten duzu?

Kumeak ateratzeko erabili, erreprodukziorako.

Lehengo galderara itzuliz. Txapelketarako zergatik batzuk bai eta besteak ez. Hasierako haien kumeei orbainduak esaten zaie, erdi horiak eta erdi berdeak direlako. Bada, horiek ez dute txapelketarako balio. Hori guztia epaile eskola batek zuzentzen du, eta kolore bakoitzarekin estandar bat egiten dute. Zure helburua, txapelketetan ibili nahi duen kanario-hazle bezala, txoriak estandar horretara ahalik eta gehien gerturatzea da.

Hazle lanetan hasteaz gain, formakuntza lan bat ere egiten duzu.

50 liburu baino gehiago irakurri nituen. Gaiaren inguruan dena irakurri nahi nuen, hortik ere asko ikasten duzulako.

Orduan konturatuko zinen, hasiera batean txorien inguruan ezer gutxi zenekiela?

Hori da. Azkenean, genetika eta guzti ikasi behar duzu. Zergatik gainartzailea, errezesiboa… hori dena sexua da, zein genetika daukan. Hitzak dioen bezala, gainartzailea gene gainartzailea da. Hori duen txori zuria, beti izango da gainartzailea beste kanarioetan. Ondorioz, zuri gainartzaile bat hori batekin jartzen baldin baduzu, zuri gainartzaile bat aterako da. Hau esaten dute beti horrela dela, baina ez da beti horrela izaten, baina normalean bai. Alderantziz, zuk zuri errezesibo bat kanario hori batekin jartzen baldin baduzu, kume guztiak horiak izango dira, gene errezesibo eramaileak. Kontuan hartu beharreko gauza asko daude hor, eta gero, mutazioak ere izugarri ematen direla ez da ahaztu behar.

Ondorengo urratsak zeintzuk izan ziren kanario hazle gisa zure ibilbidean?

Forma hobeak bilatzeko, txoriak gehitzen joan naiz. Odolkidetasuna ez egoteko, beti berriak sartzen dituzu. Behin zure zepa esaten zaiona lortuta, hura hobetzeko lan egiten duzu.

Zenbat kanario dauzkazu egun?

150 inguru.

Horrenbeste?

Bai; izan ere, kume garaian beti kumeak ateratzen dituzu, eta ondorioz, gehitzen joaten dira.

Erostera, beraz, ia ez zara joaten?

Ez. Kume asko atera dituzunez, bikote ezberdinetakoak, elkarren artean nahasten dituzu.

Helburu jakin batekin.

Hori da. Forma polita izatea helburuetako bat izan daiteke, baita lumak ahalik eta zurienak edukitzea ere. Epaile eskolaren estandarra kontuan hartuta, helburuak bilatzen joaten zara.

150 txori asko dira. Nola moldatzen zara zaintzarako?

Egun osoa lanean ematen dut, baina kume garaian egunero joan behar izaten da. Jaiotzen direnen amak ea jana ematen dien ikusi behar izaten da, edo habiaz aldatu behar dituzun edo ez. Horrelako gauzak begiratu behar izaten dira. Egunero joaten zara ordubete edo bi ordu, jana bota eta hori guztia egitera. Behin kume garaia bukatzen denean, bi egunez behin joatea nahikoa izaten da.

«Egun osoa lanean ematen dut, baina kume garaian egunero joan behar izaten da»

Denak ezagutzen dituzu?

Bai, bai.

Izena eta jartzen diezu?

Ez, ez, ja izena eta hori ez. Baina badakizu zein den zurea eta zein kanpotik ekarritakoa.

Txapelketa munduan sartuko gara. Nora joaten zinen txapelketak ikustera?

Iruñean, adibidez, bi txapelketa egiten dira; Zaragozan ere bai. Lehen, Gasteizen Euskadiko Txapelketa egiten zen. Horietara joan izan naiz.

Nolako giroa egoten da?

Txori asko egoten dira. Esate baterako, Espainiako Txapelketan 30.000 inguru. Eromen handia izaten da; ordubete egon eta gero, pixka bat kanpora atera behar izaten da. Iruñeko Txapelketan gutxiago izaten dira, mila eta bi mila artean.

Ikusle izatetik parte hartzaile izatera; denbora asko pasatu al zen?

Ez, berehala hasi nintzen. Txoriekin hasi orduko, txapelketetara joaten hasi nintzen. Gogoan daukat, lehen urte hartan Espainiakoan bigarren geratu nintzen. Orain, guztira 13 domina dauzkat Espainiakoan: bi urrezko, sei zilarrezko eta brontzezkoak gainerakoak. Munduko Txapelketan bi zilarrezko dauzkat.

Urrea falta.

Puntu batera izan nuen, baina hor geratu nintzen.

Non izaten dira Munduko Txapelketak?

Aurten, adibidez, Portugalen izan da. Hurrengo urtean Belgikan izango da. Normalean, Belgika, Alemania, Holanda, Frantzia, Espainia eta Portugalen izaten dira.

Lehen aipatu duzu 300 kolore baino gehiago egoten direla, nola izaten dira txapelketak: kolore bat, kategoria bat?

Bai, horrela da. Kolore jakin batekoak bere kolorekoekin lehiatzen dira. Adibidez, 30.000 txori badaude, ez da guztien artean onena zein den erabakitzen. Gorriak gorriekin, zuriak zuriekin eta horrela izaten da.

Txapelketetan parte hartu bakarrik ez, emaitzak lortzen ere joan zara.

Izugarrizko harrotasuna sentitzen duzu, egiten ari zaren lanak fruituak ematen dituela ikusten duzulako. Poz handia.

Lehen hiru edo lau txapelketetan beti bigarren geratzen nintzen. Urte batean, lehen postua lortu nuen, eta hurrengoan berriro ere lehena. Domina lortzea ez da zaila, zaila da hor mantentzea. Jende asko dago txapeldun geratu ondoren desagertu egiten dena.

Zenbat urteko bizitza dauka kanario batek?

Kanario bat ondo zainduta, lasai-lasai, 10 urte bizi daiteke. Emeek, ordea, gehiago sufritzen dute. Urtero, udaberrian bakarrik, hiru umealdi izaten dituzte eta.

Udaberrira mugatzen dira?

Bai, udaberrian bakarrik.

Bakoitzean zenbat kume?

Hirutik bostera. Gero, adibidez, arrautza batzuk ernaldu gabe egon daitezke, ustelak.

Ondo zaintzen badira 10 urte, zer da ondo zaintzea ordea?

Txukun edukitzea, jan ona ematea, ura aldatzea, aireztatzea…

Hotza eta beroa zaindu behar izaten al dituzu?

Ez. Batera zein bestera ondo egokitzen dira. Lokalak aireztapen ona edukitzea da garrantzitsuena. Neguan, adibidez, ez zaie berogailurik jartzen.

Kanarioak amaren etxeko ganbaran dauzkazu, Ibarran. Zenbat kaiola dituzu?

Horma batean hamar kaiola dauzkat, bakoitza, metro eta 20 zentimetrokoa. Beste horman, neurri horretako beste hamabi ditut, eta gero, bost, metro batekoak.

Eta gurasoek zer esaten dizute?

Gurasoei beti gustatu izan zaizkie txoriak, beraz, arazorik gabe; beraiek ere gustura.

Kaiola bakoitzean zenbat egoten dira?

Kume garaian bi, bikotea. Udaberria bukatzen denean, 120 zentimetroko kaiolan gehienez ere zortzi jartzen ditut. Gehiago jarriz gero, beraien artean borrokan has daitezke, lumak elkarri kenduz eta abar. Umealdia bukatzen denean, berehala hasten dira lumak aldatzen.

Nola?

Bai, horrela da. Txori guztiek, urtero, luma guztiak aldatzen dituzte. Urtero. Baita jaioberriek ere. Urteko hauek, ordea, hegalekoak eta buztanekoak ez dituzte aldatzen. Muda deitzen zaio horri, eta bai, txori guztiek egiten duten zerbait da, baita kalekoek ere.

Noiz jakiten da kanario batek txapelketarako balio duen?

Segidan konturatzen zara.

Epaile horien arauen arabera, zeri begiratzen diozu?

Formari, adibidez. Borobildua izan behar du; buruak gorputzarekin harmonia bat eduki behar du, baita buztanarekin ere.

Forma geometriko bat?

Hori da. Gero, posizioa: makilan dagoenen 45 graduko posizio bat eduki behar du. Hori ere begiratzen zaio. Gero, kategoriaren arabera, txori horia bada, zer horitasun daukan aztertzen da.

Zuri gainartzaileen kasuan, zure kategorian, kolore aldetik zeri begiratzen diote?

Hegaleko marra hori horri begiratzen zaio asko. Ikusi behar zaio, baina aldi berean, ez zaio gehiegi ikusi behar. Horitasun horrek suabea izan behar du. Gehiegizkoa bada eta sorbaldara igotzen baldin bazaio, zigortu egiten dute. Lumak ondo edukitzea ere kontuan hartzen da; hegaletan eta buztanean luma faltarik ez izatea.

Posizioarena deigarria egin zait: 45 graduan egotea baloratzen da. Hori nola lortzen da, entrenatu egiten al dituzu?

Txapelketetan kaiola berezi batzuk daude: erakusketa kaiolak. Makilaren bi aldeetan ispiluak dituzte, altuera jakin batean. Kanarioak ispiluan begira hasten dira, eta orduan, naturalki, posizio hori hartzen dute. Luzatu bezala egiten dira. Genetikoki ere ikusten duzu horretan ona den edo ez, eta elkar nahasten dituzuenean, posizioa ere landu dezakezu.

Inoiz izan al duzu kanario bat, ikusi eta «hau perfekzioa da» esan duzuna.

Bai, eduki ditut horrelakoak. Baina hau futbolean bezala da: epaile bakoitzak bere iritzia dauka, edo bere gustuko gauzak begiratzen ditu, eta agian, txapelketa baten lehen postua eskuratzen dute, eta beste batean hirugarren, kanario berarekin. Kanario berdinarekin nahi dituzun txapelketa guztietan parte har dezakezu.

Noiz hasi zinen txapelketetan?

2010 inguruan.

15 urte txapelketetara joaten?

Ez, ez dago lekura bertara joan beharrik. Federazioak eramaile bat jartzen dizu. Txori guztiak berak hartu eta eramaten ditu. Zaindu ere berak egiten ditu. Nahi izanez gero badaukazu joatea, baina nik normalean eramailearekin bidaltzen ditut.

«Federazioak eramaile bat jartzen dizu. Txori guztiak berak hartu eta eramaten ditu»

Lasai bidaltzen al dituzu txoriak?

Bai. Ni elkarte ornitologiko bateko kidea naiz, Aralar Mendilerroa izena du, eta Iturramendin (Nafarroa) dago. Txoriak eramaten ibiltzen dena, elkarte horretako presidentea da. Orduan, ezaguna denez, lasai geratzen naiz. Nik ez daukat denbora gehiegi hara eta hona bidaiatzeko, eta ia beti, horrela bidaltzen ditut. Txapelketa gehienak Valentzian (Herrialde Katalanak) eta Andaluzian (Espainia) egiten dira, federazio indartsuenak bertan daudelako. Aurten, adibidez, Cadizen (Espainia) izango da.

Nola jarraitzen duzu etxetik txapelketa?

Epaileek euren lana bukatu ondoren, emaitza guztiak argitaratzen dituzte.

Ez dago online jarraitzeko aukerarekin?

Ez, ez. Bordeleko txapelketaren batean jarri izan dute aukera hori, zuzenean ikustekoa, baina hemen inguruan ez da ohikoa. Joaten zarenean, egun batekoak izaten direnez, egon zaitezke epailearen lana ikusten. Nola puntuatzen duen esaten dizu, eta zergatik; zein akats duen eta horrelakoak. Gero, ez dudana esan da, banaka edo taldeka parte hartzea daukazula. Nik normalean beti taldekakoan parte hartzen dut: lau txorirekin joaten naiz.

Zergatik laukotearekin eta ez bakarrarekin?

Zailago delako. Lau txori on ateratzea  on bat ateratzea baino zailagoa da. Lauak nahiko berdintsuak izan behar dira.

Puntuazioa nola izaten da, 1etik 10erakoa?

Ez. Txori on bat, normalean 91-92 puntutan ibiltzen da, ehunetik. Ehunera inor ez da iristen; 95etik gorako puntuazioak oso zailak dira.

Zure nota altuena?

93koa. Normalean, 94 izaten da altuena.

Puntuazio horietara iristeko gurutzaketak egiteaz gain, 15 urte hauetan, kanarioen historiaz ere ikasiko zenuen.

Bai, horrela da. Kanarioak Kanarietatik (Espainia) datoz, hortik euren izena. Azores (Portugal) inguruetan ere badaude. Bere garaian, Holandako merkatariak Kanarietara joaten ziren. Asko abesten zuten txori batzuk zeudela ikusi zuten, bertako etxeetan kaioletan. Holandar hauek txori horiek hartzen hasi ziren, eta erregeei oparitzen hasi ziren. Izugarrizko sona hartu zuten, orduan. Mundu osoan hasi ziren saltzen, eta oso garesti gainera. Eta gerora, mutazioak agertzen hasi ziren. Kanarietako kanario basati hori berdexka da. Mutazioaren ondoren, ordea, hori bihurtu zen. Naturaren kontuak dira horiek, ez dira gurutzaketen ondorioak.

Jatorrizko kanarioek hemengo txirriskilaren antza daukate, baina haiek pixka bat handiagoak dira.

Zer dute bada, kantu berezia kanarioek?

Bai, berezia da. Kantuen txapelketak ere badaude. Guztira, hiru txapelketa mota daude: koloreari lotutakoa —guk bertan parte hartzen dugu—; posturetan zentratzen dena, izan ere, kanario batzuk forma arraroa izaten dute, txapel bat izango balute bezala, eta azkenik, kantuarena. Honen barruan, hiru mota bereizten dira: tinbratu espainiarra, roller alemaniarra eta malinoaes belgikarra.

Kantuen txapelketa horietako batean murgiltzea ez al duzu pentsatu?

Oso zaila da. Maisuak eduki behar dituzu, zureari erakutsiko diotenak, oso ondo abesten duten txoriak dira, baina oso zaila da kantuen mundu hori.

Hori ere transmititu egiten da?

Bai, bai, horrela da. Adibidez, Malinoaes belgikarrak, errekaren soinuaren influentzia dauka. Roller alemaniarrak, aldiz, meategi baten soinuekin dauka lotura. Zarataren ondoan zeuden eta hori ikasten zuten.

Kanarietan izan berria zara, ezta?

Duela bi urte, hegazti exotikoen inguruko ikastaro ornitologiko bat zegoela ikusi nuen, online. Bi urtekoa zen eta egitea erabaki nuen. Titulua lortzeko azken urratsa praktikak dira, horiek gabe ez dizute ematen. Hemen inguruan, Sendavivan eta Cabarcenon nituen praktiketarako aukerak. Nik, badaezpada, Tenerifeko Loro Park-en galdetu nuen, loro mailan munduan dagoen parkerik onenean. Baiezkoa eman zidaten eta han egon naiz hilabete, praktiketan.

«Hegazti exotikoen inguruko ikastaroko praktikak Tenerifeko Loro Park-en egin ditut»

Eta zure hemengo lana?

Oporrak hartu nituen.

Zertan egiten duzu lan hemen?

Ni iturgina naiz.

Oporrak hartu zenituen lanera joateko, beraz.

Hori da.

Ordainduta?

Ez, ez, praktikak dira. Gero, pisua eta hori guztia ordaindu beharra neukan.

Zer lan egiten zenuen han?

Txoriei jana eta ura eman. Jangela, aska eta inguruak garbitu. Kaiolak ere bai, han erraldoiak dira. Egunero lurra garbitzen genuen. Barruko landareak aldatu, flamenkoen hondartzara hondarra eraman... horrelako lanak egiten genituen.

Hortik biziko den jendea egongo da, ezta?

Bai, eskari handia dago, baina soldatak oso baxuak dira. 1.200-1.300 euro inguru, eta bizia hemen bezain garestia da, alokairuak eta abar. Parkean, ornitologoez gain, beste gremioak ere badaude, euren tailerrak eta dena: iturginak, igeltseroak... gremio guztiak.

Gustatuko al litzaizuke bertan lan egitea?

Bai, baina, oraindik alaba eta semea ikasten ari dira. Pixka bat itxaron beharko nuke horretarako, baina aurreraxeago, batek daki, gustatuko litzaidake probatzea, bai.

Eskualde mailan, Gipuzkoa mailan, jende asko mugitzen al zarete?

Nik uste jende dezente garela. Irunen elkarte bat dago, eta ia 200 dira, Donostiakoan ere antzera. Ni bi elkartetako kidea naiz, bietan zuzendaritzan sartuta nago, eta gero, Iparraldeko federazioko presidenteordea ere banaiz. Zuzendaritzak 14 urteren ondoren erreleboa eskatu zuen, eta inor ez zenez aurkezten, lau lagun elkartu eta horretan ere hastea erabaki genuen, bestela desagertu egingo zelako. Beste saltsa bat [barreak].

Txorien munduaz gehiago jakin nahi duenak, nora bidaiatu behar du?

Belgikara, beraiek dira munduko onenak gai hauetan. Hemendik jende asko joaten da bertara txoriak erostera. Txorien inguruko kultura oso garatua dago bertan, tradizio handia daukate. Onenak dira, eta alde handiarekin, gainera.

Garai batean kanarioak garestiak zirela esan duzu, gaur egun?

Hortik bizi den bati erosi nahi baldin badiozu, on-ona dena, 150-200 euro inguru eskatuko dizkizu kanario batengatik. Baina edozein lekutan dauzkazu 20 euroan edo merkeago. Azkenean, zuk ordaindu nahi duzunaren araberakoa da. Gehiago ordaintzen baduzu, suposatzen da hobea dela, baina suposizio hutsa baino ez da. Nik beti esaten dut, nik 100 txori ateratzen baldin baditut, agian, horietatik 20 bakarrik izango dira onak. Baina horretan dabilenak, guztiak prezio berean salduko dizkizu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!