Larunbatean, Plentziako Badiaren VI. Igeri Zeharkaldian bigarren postua lortu zuen. Mungia igeriketa taldeak antolatutako zeharkaldiak 2.700 metroko distantzia zuen eta Mateosek 37.08ko denbora behar izan zuen proba amaitzeko. Aurretik Xabier Gordoa (36.24) eta hirugarren Mario Topircean (39.31) izan ziren.
Bestalde, igerilari ibartarrak hirugarren postua lortu zuen igandean, Donibane Lohizuneko badian, V. Boucles Donibane Lohizune izeneko zeharkaldian. 5.000 metroko distantzia zuen Club Urkirolak Natation Saint-Jean-de-Luz / Ciboure igeriketa taldeak antolatutako zeharkaldiak. Mateosek 1.08.27ko denbora behar izan zuen proba amaitzeko, eta aurretik izan zituen Ludovic Carissan (1.04.06) eta Jonathan Labat (1.04.40).
Azkeneko zeharkaldi horiekin eta aurtengo planifikazioa beteta, gaur bertan Napolira bidaiatuko du Mateosek, urteko erronka betetzeko, hau da Capri eta Napoli banatzen dituen 36 kilometroko distantzia igeri egitera. «Egun batzuk lehenago joango naiz Napolira, bertan itsasoan igeri egitera eta kalean egiten duen eguraldiarekin aklimatazio azkar bat egitera», zehaztu du ibartarrak. Napolin gaur egun tenperatura 30-35 gradukoa da kalean eta itsasoan uraren tenperatura 24-25 gradu ingurukoa da.
Proba ostiralean izango da, hilaren 27an, eta hasiera 09:00etan izango dute igerilari guztiei Capriko irlatik. Antolatzaileek gehienez 10-11 ordu uzten dute zeharkaldia bukatzeko. «Nire aldetik neguan zehar egindako lana beteta dago, eta bertan aurkituko ditudan faktoreak ez dira nire eskuetan egongo: beroa, uraren tenperatura, marmokak, korronteak, haizea, olatuak, nire barkuaren gida...», esan du ibartarrak. «Oso motibatuta nago eta nire erronka bakarra Napolira iristea izango da».