Luze iraun du ametsak, baina ez da egia bihurtu

Josu Artutxa Dorronsoro 2025ko eka. 14a, 21:54

Areto futboleko Lauburu Ibarra taldeak 1-3 galdu du Bigarren Mailara igotzeko azken kanporaketako itzulerako partida Industrias Santa Coloma B talde kataluniarraren aurka, Belabietan; zaleek ozen animatu dituzte etxeko jokalariak, eta hauek gogotik saiatu dira, baina ezinezkoa izan da helburua betetzea.

Intentsitate handiko partida izan da, eta lehen 20 minutuetan, urduritasuna nabari zen bi taldeetan. Horrek, baloi asko galtzea eragin du, eta beraz, oso trabatua izan da lehen zatia. Ibartarrek baloiaren jabetza handiagoa izan dute, eta lehen minutuetan lehen gola egiteko moduko aukerak sortu dituzte, baina azken errematean asmatzea falta izan zaie. Aurkariak ere izan ditu markagailuan aurretik jartzeko aukerak, baina ez dute asmatu.

Atsedenaldira hutsean helduko zirela zirudien, baina kontraeraso batean, Industrias Santa Colomak lehen gola egin du. Harrobiko taldea da, lehen taldeak Lehen Mailan jokatzen baitu, eta ondorioz, jokalari gazteak eta azkarrak ditu. Gainera, kalitate handia dute, eta edozein aukera emanez gero, litekeena da aprobetxatzea. Bada, lehen golean hori gertatu da. Lauburu saiatu da, baina ezin izan du partida oso ona egin duen Walter atezainaren atea zulatu. Gainera, atezainak ez ezik, ateak ere ez dio golik egiten utzi talde ibartarrari; moreek jaurtiketa bat bidali dute zutoinera.

Bigarren zatian beste erritmo bat izan du partidak. Bi taldeek intentsitate eta abiadura handiagoarekin jokatu dute, eta ez da lehen zatia bezain trabatua izan. Hala, bigarren minuturako heldu da arratsaldeko poz handieneko momentua Belabietan. Rafa Usinek areaz kanpotik egindako jaurtiketa bat ate barrura joan da, Santa Colomako jokalari batean jo ondoren. Jokaldi horretan, atezainak ezin izan du ezer egin. Zoramena heldu da harmailetara, eta jokalariek ere gogoz ospatu dute berdinketaren gola. Izan ere, gogoan izan behar da berdinketarekin Lauburu izango zela kanporaketako garailea.

Pozak, baina, oso gutxi iraun du. Berdinketa lortu eta minutu batera heldu baita aurkarien gola: 1-2. Ondoren, aurkariek ere gol gehiago egin zitzaketela sinetsi dute, eta hala, bi aukera oso garbi sortu dituzte. Marcos Alonso Lauburuko atezain gazteak, ordea, geldiketa bikainak egin ditu, eta ezerezean utzi ditu aurkarien abaguneak.

Partida amaitzeko 13 minutu falta zirela, atezain-jokalaria kantxaratu du Mikel Diestro ibartarren entrenatzaileak, bost jokalariko sistemarekin min egiten saiatzeko. Minutu batzuk beranduago, berriro lauko sistemarekin aritu da Lauburu, baina ez modu batera, ezta bestera ere, ez du sortutako aukerak aprobetxatzea lortu.

Lauburuk berdinketaren gola egin nahian jarraitzen zuenean, aurkarien hirugarren gola heldu da, eta ondorioz, garaipenerako bide errazagoa. Ibartarrek ez dute amore eman, eta partidan bete-betean sartuko zituen gola egiten saiatu dira, baina ezinezkoa izan da. Tartean, beste jaurtiketa bat zutoinera bidali du Lauburuk.

Tristura eta poza

Azkenean, 1-3 amaitu da partida, eta garaipenak Herrialde Katalanetara ihes egin du. Industrias Santa Coloma B taldeak, beraz, Bigarren Mailan jokatuko du hurrengo denboraldian.

Behin partida amaituta, eta jokalariek kirol legez elkar agurtu ondoren, txanponaren bi aldeak senti zitezkeen Belabietako kantxan: ibartarren tristura eta amorrua, eta aurkarien poza. Ibarrako zaleek kantxara salto egin dute, jokalariak agurtu, besarkatu eta egindako denboraldiagatik zoriondu eta eskertzera; batzuek ezin izan diete eutsi negar malkoei. Azken urteetan Lauburun aritutako zenbait jokalarik ere besarkatu dituzte taldekide ohiak.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!