Pantaila erraldoia Laubururen partida erabakigarria jarraitzeko

Ataria 2025eko ekainaren 13a

Bihar, ekainaren 14an, Lauburu Ibarra areto futboleko taldeak igoera faseko azken kanporaketa jokatuko du Belabieta kiroldegian, eta norgehiagoka horretan erabakiko da guztia, hau da, taldea Bigarren mailara igoko den ala ez.

Testuinguru horretara iristea oso zaila da kategoria horretan, eta Lauburuk hogeita bat urte ondoren orduko mailara itzultzeko parada izango du. Partida zirraragarria izango da eta herri guztiaren babesa jasoko du klubak, baita udalarena ere. Izan ere, herritar asko partida ikusteko sarrerarik gabe geratu direla ikusita, San Bartolome plazan pantaila handi bat jarriko da norgehiagoka zuzenean eskaintzeko.

Bihar, beraz, 18:30etik aurrera, San Bartolome plazan, Lauburu KE Ibarra vs Industrias Santa Coloma B taldeen arteko finala ikusgai izango da herritar ororentzat.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!