Ibarran bada moto zaleen elkarte bat: Langostino Moto Elkartea. Hilabeteko azken igandeetan elkartzen dira, motorrean, ibilaldiak egiteko. Elkarteak 24 urte daramatza martxan eta gaur egun taldea zortzi kidek osatzen duten arren, kolaboratzaile eta lagun ugari gehitzen zaizkie antolatzen dituzten jardueretara.
Hilabete guztietan egiten dituzten ibilaldiez gain, badute beste hitzordu garrantzitsu bat: Langostino Moto Festa. Uztailean ospatzen dute Ibarran, eta hogeita laugarren edizioa izango dute aurtengoa. Ilusioz agertu dira antolatzaileak, eta herritarrek ere hala hartu dutela diote, garai bateko moto festa pixkana berriro berreskuratzen ari baitira.
Uztailaren 5ean eta 6an egingo dute aurtengoa eta hainbat ikuskizunez gozatzeko aukera izango da. Larunbatean, esaterako, egun osorako festa prestatu dute. Moto ibilaldia egingo dute, 11:00etan hasita, eskualdean zehar; Ibarratik abiatu eta Berrobira joango dira, eta Huitzi, Gorriti, Azpiroz, Betelu eta Lizartza igaro ostean, Tolosan barrena sartu eta Ibarrara itzuliko dira. «Sekulako ikuskizuna» izango dela diote antolatzaileek, «ehun moto zale baino gehiago egotea aurreikusten dugu eta San Frantzisko pasealekuan barrena iritsi nahi dugu Ibarrara».
Eguerdian, bazkaria egingo dute plazan, 14:00etan hasita, eta horren ostean, mobilette klasikoen topaketa izango da ikusgai. Tartean, sariak banatu eta zozketak egingo dituzte. Iluntzean, berriz, Totem taldearen kontzertua izango da ikusgai, eta 20:00etan, bokatak banatuko dituzte.
Igande goiza ere motorrean igaroko dute. Hain justu, 11:30etan hasita, kostatik egingo dute ibilaldia; Aginagatik jaitsi eta Zarautz, Orio eta Pagoeta zeharkatu ostean, Ibarran amaituko dute. 13:00ak aldera iritsiko dira herrira, eta poteoan agurtuko dute festa.
Gaua Ibarran pasako dutenentzat Uzturpe ikastola utziko die Ibarrako Udalak. Gainera, bi egunetan zehar motorren osagaiekin postuak ere jarriko dituzte plazan, moto zaleen eskura. Horrez gainera, taberna jarriko dute eta garagardoaz gain, berrikuntza moduan, mojitoak ere prestatuko dituzte.
Larunbateko ibilaldia egin nahi dutenek ekainaren 29a baino lehen eman beharko dute izena. Horrez gainera, bazkarira eta afarira joateko interesa dutenek 25 euro ordaindu beharko dute eta igandeko bazkarira joan nahi dutenek, berriz, 13 euro. Kamisetak erosteko aukera ere izango da 12 euroren truke. Hurrengo zenbakian egin beharko da ordainketa: ES89 0049 0734 69 2710895295. Bertan izen-abizenak eta kamiseta taila zehaztu beharko dira, eta onarpen kopia 681 883 633 zenbakira bidali beharko da.
EGITARAUA
- Uztailak 5, larunbata
- 10:00-12:30. Ongietorria.
- 11:00. Ibilbidea.
- 14:00. Bazkaria. Ondoren, mobilette klasikoen erakusketa, zozketak, Totem taldearen kontzertua eta festa.
-
20:00. Bokatak.
- Uztailak 6, igandea
- 11:00. Moto ibilaldia.
-
13:00. Hamaiketako eta agurra.