Desio duen Bigarren mailarako igoera eskura du Lauburuk

Imanol Garcia Landa 2025eko ekainaren 11

Lauburu Ibarrako jokalariak gol bat ospatzen, Industrias Santa Colomaren aurkako partidan.

Larunbat honetan, 18:30ean hasita, Belabietan jokatu du talde moreak Industrias Santa Coloma taldearen aurka. Kiroldegiko harmailak beteta egongo dira.

Lauburu Ibarra areto futboleko taldea Bigarren Mailara igo daiteke larunbatean. Etxean, Belabietan, erabakiko da hori. Industrias Santa Colomaren bigarren taldearen aurka jokatuko du igoera faseko finalaren itzulerako partida, 18:30ean hasita. Bigarren Mailara igotzeko helburu hori behatzekin ukitzen ari da Lauburu Ibarra. «Azken lauzpabost urteetan helburua pauso hori ematea izan da, duela 20 urte inguru bezala, taldea Bigarren Mailara bueltatzea», esan du Cristian Davila bigarren entrenatzaileak. «Oso gertu ikusten dugu, baina taldea lasai dagoela ikusten dut. Denok kontziente gara gai garela pauso hori emateko. Gure eskuetan dago, eta partida bakarra geratzen zaigu».

Asteburuan Katalunian jokatutako joaneko partida hirunako berdinketarekin bukatu zen. «Emaitzaren aldetik esan daiteke pozik bueltatu ginela. Talde bezala ez genuen gure bertsiorik onena eman», esan du Davilak. «Hasiera ona eman genion partidari, lehenengo zortzi-bederatzi minutuetan beraiek baino gehiago ginela ikusten genuen, baina kirola horrela da, eta hobea izateagatik ez du esan nahi aurretik jarriko zarela». Lauburuk galdutako baloi bat aprobetxatuz lehenengo gola sartu zuten aurkariek, eta hor partidaren norakoa aldatu egin zen. «Zalantzak sartu zitzaizkigun, eta atsedenaldira 3-0 galtzen joan ginen».

Urte guztian zehar partida dezentetan atzetik jarri eta egoerari buelta eman dio Lauburuk, eta oraingoan ere hori gertatu zen. «Atsedenaldian hitz egin genuen markagailuaz ahaztu egin behar genuela, kanporaketan bi partida zeudela, eta hutsean bageunde bezala hasi behar genuela bigarren zatia». 3-1ekoa sartu eta horrek «lasaitasuna eta konfiantza» eman zien talde morekoei. Bestalde, bi txartel gorri atera zizkieten aurkariei, eta hori baliatu ahal izan zuten bi gol gehiago sartzeko. «Gure partida onena egin gabe, Ibarrara markagailu on bat ekarri dugula da gure sentsazioa», zehaztu du Davilak.

Talde «zaila» dela argi dute Ibarrakoek. «Harrobia oso ondo lantzen duten klub bat da, eta Lehen Mailan bertatik pasa diren jokalari ugari daude», esan du Davilak. «Gainera, beraien aurka jokatzerakoan taldearen maila egiaztatu ahal izan dugu». Larunbatari begira burua hotz izaten saiatu behar dutela esan du Davilak: «Ea partida txukun bat egiten dugun, eta aurrera ateratzen dugun kanporaketa». Arauzko 40 minutuetan berdinketa izaten bada, luzapena jokatuko da. Hor ere berdinketarekin bukatzen bada, ez da penaltirik izango, eta Lauburu Ibarrak irabaziko du kanporaketa, ligan aurkariek baino koefiziente hobeagoa izan zuelako.

Belabieta gainezka egongo da larunbatean. Aurreko igandean jarri ziren salgai sarrerak Internet bidez, eta gauerako agortuta zeuden. Hainbat bazkidek ez zituzten lortu sarrerak. «Giroa aparta izango da», esan du Davilak. «Pena da hainbat ibartar sarrerarik gabe geratu direla, eta ezingo dutela kiroldegian bertan bizitu partida. Jendearen bultzada izatea espero dugu eta horrek lagunduko digu kanporaketa aurrera ateratzen». Behin partida bukatuta, afaria antolatu du klubak zaleekin denboraldiari amaiera emateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!