Bertsoek girotu dute Izaskun

Leyre Carrasco 2025eko ekainaren 9a

Urteroko ohiturari eutsiz, bertso saioa izan dute Izaskungo festetako azken egunean; Sebastian Lizaso eta Anjel Mari Peñagarikano izan dira oholtza gainean, Amaia Agirre gai jartzaile zutela.

Giro ederra izan dute Izaskungo festetako azken egunean. Eguraldia alde izanik, jendetza elkartu da elizaren atariaren bueltan. Ohi moduan, dianarekin abiatu dute eguna, eta ondoren, meza nagusia eta hamaiketako herrikoia egin dituzte. Eguerdian, berriz, bertso saioa izan dute, eta urteroko moduan, Sebastian Lizaso eta Anjel Mari Peñagarikano aritu dira oholtza gainean. Aurten, ordea, Amaia Agirre aritu da gai jartzaile lanetan. Orain arte Joxe Ramon Aldasoro herritarra aritzen zen, baina duela bi hilabete zendu zen. Gaurko saioan gogoan izan dute, bi bertsolariek eskaini dizkioten bertsoekin.

Goizeko hitzordura huts egin duten herritarrek, arratsaldean bigarren bertso saioaz gozatzeko aukera izango dute, 18:30ean. Hala ere horren aurretik eta atzetik ere izango dira zenbait ekitaldi. Esaterako, 17:30ean, Alurr dantza taldearen emanaldia izango da, eta 19:30ean, Elustondo anai-arreben trikiti doinuekin agurtuko dituzte aurtengo jaiak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!