Gehigarria: Ongizatea

Erresistentzia kirolen prestakuntza

Ataria 2025eko maiatzaren 31

Aitor Sanchez Bengoetxea kirol proba batean.

Kirolariak maila gorenera iristeko euren errendimendua hobetzen laguntzea. Horixe da Gailur Kirol Prestakuntzaren egiteko nagusia. Aitor Sanchez Bengoetxea ibartarra dago proiektuaren atzean, eta entrenatzailearen eta kirolariaren arteko hartu-emana oinarri duen prestakuntza pertsonalizatua eskaintzen du.

Kirolak betidanik izan du ibartarraren bizitzan garrantzi handia, eta azken urteetan erresistentzia kiroletan murgildu da, mendi lasterketetan lehiatuz. Halaber, bere formazioa ere arlo horretatik bideratu du, Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzietako gradua amaitu ostean Errendimendu Altuko Kirol Ziklikoetako Masterra burutuz. Hala, kirolari bezala duen esperientziak eta jasotako formazioak kirolariak entrenatzeko beharrezko baliabideak eman dizkiote.

Bere pasioetako bat bihurtu da kirolariei euren errendimendua hobetzen laguntzea, eta proiektua handitzen ari zela ikusita, jendaurrean aurkeztu eta herritar ororen eskura jartzea erabaki du aurten. Kirolariak Aitor Sanchezengana jotzen duenean, lehendabizi bere bizimodua, ohiturak, baliabideak edota lehentasunak identifikatzen ditu. Horrekin batera, kirolariak dituen helburuak azaltzen ditu. «Batentzat lehen postuetan amaitzea izan daiteke helburua, eta beste batentzat lasterketa bat ondo amaitzea. Demagun Behobia prestatu nahi duela kirolariak. Bere kirol ibilbidea aztertuko genuke, zein markaren bueltan dagoen ikusi, eta horren arabera prestatuko genuke. Marka hobetu nahi badu, oinarrizko entrenamenduak ondo egiten badira, emaitzak nabarituko dira».

Bada, informazio guztia kontuan hartuta, entrenatzaileak planifikazio bat egiten du, eta entrenamendu saioen programazioa zehazten du. «Trainingpeaks plataformarekin egiten dut lan. Bertan entrenamenduak online jartzen dizkiet, eta etengabeko jarraipena eta analisia egiten dut».

Aitorrentzat funtsezkoa da kirolari bakoitzak entrenamendu prozesuarekin gozatzea. «Nire asmoa izaten da kirolaria epe motzera bere helbururako prestatzea, baina, aldi berean, entrenamenduaz gozatzea eta epe luzera begira, jarraipena izatea». Entrenatzailearen eta kirolariaren arteko harremana konfiantzan oinarritzea ere beharrezkoa dela uste du ibartarrak. «Harreman zuzena izaten dut kirolariekin, eta beraiei laguntzeko nagoela ikustarazten diet».

Errepidea, mendia, triatloia, txirrindularitza… sartzen dira erresistentzia kirolen barruan. Kirol gogorrak direla dio: «Sakrifikatuak dira, baina, gauzak ondo eginda emaitza onak lortzen dituzu, eta horrek asko asebetetzen du. 30 minutu jarraian korri egiteko gai ez den pertsona beharrezko entrenamenduak eginez maratoi erdi bat egitera igarotzen dela ikustea izugarria da, bai berarentzat, bai eta niretzat ere. Edota, entrenamendu asko egin, baina emaitza oso onik lortzen ez duen kirolariaren kasuan, gakoa puntu hori igotzeko funtsezkoa den entrenamendu sorta identifikatzea da, eta hor sartzen da nire egitekoa».

Bere errendimendu gorena bilatzeko eta disfrutatzeko modu bezala ulertzen du Aitor Sanchezek kirola. Gozatzeko, norbere burua ondo sentiarazteko nahiz lehiarako helburuarekin, bere laguntza kirolari guztien eskura jartzen du.

Gailur Kirol Prestakuntza



 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!