Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak pasa den asteburuan Ibarran egindako diru bilketan parte hartu zuten pertsona guztiei eskerrak eman nahi dizkie. Azaldu dutenez, gizarteak minbizia duten pertsonei babesa emateko helburuarekin antolatu zuten bilketa, «ikertzaile, osasun langile, boluntario, psikologo eta gizarte langileekin konpromisoa hartzeko eta ikerketa onkologikorako dirua biltzen laguntzeko». Bada, herritarren ekarpenekin 786,69 euro biltzea lortu zuten.
Hainbat boluntariok hartu zuten parte jardunaldi solidario horretan, herriko hainbat tokitan jarri zituzten mahaietan. «Urteko diru-bilketa, herritarrei elkartea hor dagoela eta pazienteei eta senideei laguntzeko lanean jarraitzen duela gogorarazteko aukera ematen duen ekimena da», adierazi dute.
Lortutako baliabideak ikerketa onkologikorako eta elkartearen doako zerbitzuak sustatzeko erabiliko dituzte. «Diru bilketari esker, ikerketa onkologikoko proiektuak finantzatzen eta paziente eta senideei artatzeko programak eta gaixotasunaren prebentzioko eta detekzio goiztiarreko kanpainak egiten jarraitu ahal izango da. Elkartearen zerbitzu guztiak doakoak dira eta, beraz, diru bilketa bezalako ekimenak ezinbestekoak dira hauek mantendu ahal izateko eta honi esker, elkarteak helburu duen minbiziaren %70eko biziraupena lortzen ahalbideratuko du», esan dute.
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartetik boluntario guztiei eskerrak eman dizkiete «eskuzabaltasunagatik» eta dohaintzan egiteko aukera izan ez zuten herritarrei elkartearen webgunearen bitartez egitera animatu dituzte.