Tolosaldeko zortzi udalek osatzen duten mankomunitatetik sortu zen Loatzo musika eskola. Hain zuzen, Anoeta eta Villabonako musika eskolek 2002. urtean sortu zuten proiektua, eta egun Anoetan dago egoitza nagusia. Eskualdeko herriei aurkeztu ondoren, Aduna, Alegia, Altzo, Ibarra, Irura eta Zizurkilek bat egin zuten Loatzo musika eskola sortzeko proiektuarekin.
Herriko instalazioetan jasotzen dituzte ikasleek eskolak, eta gehienek espazio propioa dute musika eskolarako. Ibarrako egoitza, esaterako, Azkue kaleko etxabe batean dago. Bost metro inguruko korridore labur bat eta lau gela ditu espazioak; pentagramadun arbelak eta musika ekipoak ez dira falta. Musika Hizkuntza eta Abesbatzako klaseak izaten dituzte ikasleek, eta, horrez gain, bakoitzak bere instrumentua.
Ane Xin Munera bertako ikasleetako bat da. Duela hamar urte hasi zen musika eskolan, bere txikitako ametsa rock talde batean jotzea baitzen. Loatzo musika eskolak talde txikiak osatzeko aukera eskaintzen die ikasleei. Hala, arreta nahiko pertsonalizatua jasotzen dute, eta eskolen ordutegiak haien beharretara egokitzen dituzte. Munera gitarra akustikoarekin hasi zen, eta egun horrekin jarraitzen du. Ostegunetan jasotzen ditu klaseak; eguerdietan bakarkako klaseak izaten ditu eskolan, eta arratsaldeetan, berriz, taldekoak musika eskolan.
Loatzo musika eskola berezia dela adierazi du. Bere jarduna ohiko musika eskola batekoarekin alderatuta, dezente aldatzen dela iruditzen zaio: irakaskuntza hain zabalduta egoteagatik, eta ez dena zentro bakarrean kontzentratua. Aurten, gainera, elkartrukea egiteko aukera izan du. «Villafranca del Penedesera joan gara eta sekulako esperientzia izan da, errepikatzekoa», kontatu du.
Kris Martinez da bere ama, eta musikak asko eskaini diola [Ane Xini] aitortu du: «Musika adierazteko beste modu bat da eta Ane Xinek daukan kultura musikala Loatzorengatik lortu du». Euskal kulturarekin kezkatuta agertu da ordea, «garai batean erromeriak gehiago bizitzen baitziren, eta orain galtzeko zorian daude, baina Loatzok euskal kulturari bultzada emateko aukera ere eskaintzen du».
Naroa eta Oier Raposo anai-arrebak dira, eta haize instrumentuak jotzen dituzte; Naroak asteazkenetan jasotzen ditu zeharkako txirulako klaseak, eta Oierrek ostiraletan saxofoi klaseak izaten ditu. Lagun ugari egin dituztela kontatu dute biek eta momentu on asko bizitu dituzte musikaren bueltan. Oier, esaterako, txarangarekin atera zen Ostegun Gizenean.
Musikak «diziplinatuak» izaten erakutsi diela azpimarratu dute Jessica Aguado eta Xabier Raposo gurasoek: «Eskolaz kanpoko beste ekintza batzuetan ez bezala, Loatzo musika eskolan diziplina zer den erakusten die. Adibidez, lotsa galtzeko erreminta da musika, emanaldiak egiterakoan, askotan, taldean ez ezik, bakarrik ere atera behar izaten dutelako oholtzara».
Herriarentzako onurak
Biztanle kopuruari dagokionez, Ibarra da ikasle gutxien dituen herria; 4.112 biztanleetatik 40 dira musika eskolako ikasleak. Denek horren inguruko kezka plazaratu dute. «Diru laguntza» arazoa izan daitekeela dio Martinezek, baina beste askorentzat «denbora eta interes falta» dela gehitu du Aguadok. «Jende askok musika ikastea instrumentua jotzea bakarrik dela uste du, baina horrez gain, musika hizkuntza eta abesbatza ere landu behar dira eta jendeak ez daki horrek bere onurak dituela», esan dute.
Herrian horrelako zerbitzu bat edukitzea «aberasgarria» iruditzen zaie. Herri handi eta hirietako herritarrek jasotzen duten zerbitzua Loatzok herri txikiei gerturatzen die. Horrez gain, gurasoek nabarmendu dute musika eskolak ekarpen handia egiten diela herriei. «Emanaldi ugari egiten dituzte urtean zehar eta bertan sortzen den giroa ezin hobea da». Loatzo proiektuaren helburuetako bat da ere, Tolosaldeko beste herrietako ikasleekin harremanak bultzatzea musikaren bidez. Halaber, uste dute herriko haurrak ez direla jabetzen duten pribilegioaz.
65 urtetik gorakoentzako, musika saio irekiak
Aurten, berrikuntza moduan, Loatzo musika eskolak 65 urtetik gorako herritarrentzako musika saio irekiak antolatu ditu. Musikarekin gozatzeaz gain, musika bera ardatz hartuta bakoitzaren alderdi fisikoa, kognitiboa eta emozionala forman eta osasuntsu mantentzearen garrantzia landuko dute taldean. Ekainean zabalduko dute matrikulazioa, baina aste hauetan ate irekiak egiten dabiltza eta dagoeneko zenbait herritan burutu dituzte; esaterako, Iruran eta Villabonan taldeak osatuko dituztela jakinarazi dute antolatzaileek.
Adunan, ostiralean egingo dute ate irekia, 16:00etan, Elordin. Saio hau ordea, 60 urtetik gorako herritarrentzako izango da, udalak hala eskatuta.