Garagardo Festa ospatuko dute asteburuan, Ibarran

Ataria 2025eko maiatzaren 21a

Ostiralean abiatuko dute, laugarrengoz, garagardoaren festa Ibarran. Bertako garagardoak zein kanpokoak, arruntak nahiz bereziak dastatzeko aukera izango da larunbata arte.

Ibarrako Garagardo Festa plataformak antolatuta, laugarrenez egingo dute Ibarrako Garagardo Festa. Asteburuan egingo dute, eta ohi moduan, bertaratzen diren herritarrek hainbat garagardo ezberdin izango dituzte aukeran. Ostiralean eta larunbatean karpa 18:00etan zabalduko dute. Tiketak salduko dituzte egunean bertan, eta karpa zabalduko duten bi egunetan afariak ere emango dituzte. Besteak beste, ukondoa, saltxitxak, patata purea eta postrea eskatu ahalko dira.

Horrez gainera, ostiralean, urdaiazpiko mozketa izango da aukeran, 19:00etatik aurrera, eta larunbatean, 19:00etan, umore ikuskizuna izango da, Manex Astigarraga eta Ander Malbadirekin. Musikak ere izango du bere tartea. Girotze aldera, musika taldeak eta DJak gonbidatu dituzte. Besteak beste, Muxutruk erromeria, DJ Sassy, Itzal erromeria eta DJ Maly.

EGITARAUA

  • Maiatzak 23,  ostirala
    • 18:00. Karparen irekiera.
    • 19:00. Urdaiazpiko mozketa.
    • 20:30. Muxutruk erromeria.
    • 00:00. Gaztetxean, DJ Sassy.
  • Maiatzak 24, larunbata
    • 18:00. Karparen irekiera.
    • 19:30. Umore ikuskizuna. Manex Astigarraga eta Ander Malbadi.
    • 20:30. Itzal erromeria.
    • 00:30. Gaztetxean, DJ Mali.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!