Eguraldia lagun izan dute goizean Ibarrako Zazpibide Trail mendi lasterketarako. Bidetxur Mendi Taldeak antolatu du, lehen aldiz, mendi lasterketa hau eta arrakasta handiz gainera. Izan ere, lehen edizio honek 246 parte hartzaile izan ditu, baina horietatik Hodei Gil eta Natalia Navascues tolosarrak izan dira azkarrenak helmuga zeharkatzen.
Gilek ordu bat, 15 minutu eta 39 segundo behar izan ditu 17 kilometro eta 650 metroko desnibel positiboa izan duen ibilbidea egiteko. Segundo gutxira Iker Eceiza ibartarrak zehartu du helmuga (01:15:52), eta hirugarren postuan, berriz, Mikel Usandizaga sailkatu da (01:16:29).
Emakumezkoen sailkapenean Navascues tolosarra izan da garaile, ordu bat, 33 minutu eta 35 segundoko denborarekin. Hiru minutu beranduago iritsi da Izar Amundarain, (01:36:18), eta minutu bat beranduago, hirugarren geratu den Laiane Arrospide tolosarra (01:37:37).
Gauzak honela, helmuga zeharkatzen lehen herritarra Eceiza bera izan da, eta lehen emakumezko herritarra, berriz, Leire Orbegozo. 18 urtez azpiko gaztetxoentzat ere izan dira sariak, eta helmuga zeharkatzen lehenak Aitor Munduate anoetarra eta Nahia Obeso tolosarra izan dira.
SAILKAPENA
Gizonezkoak
- Hodei Gil, 01:15:39
- Iker Eceiza, 01:15:52
- Mikel Usandizaga, 01:16:29
Emakumezkoak
- Natalia Navascues, 01:33:35
- Izar Amundarain, 01:36:18
- Laiane Arrospide, 01:37:37
Lehen herritarrak
- Iker Eceiza, 01:15:52
- Leire Orbegozo, 02:00:02
Lehen gaztetxoak
- Aitor Munduate, 01:44:35
- Nahia Obeso, 01:53:47