Gustura dabil Mikel Ozaita Azpirotz (Ibarra, 1982) Gipuzkoa Ariguneko koordinatzaile lanetan. Berrikuntzara begira dabilen lantalde batean aritzea «luxutzat» dauka, «euskalgintzan, eta bestelakoetan ere, ez baita oso-oso ohikoa izaten».
Zer da Gipuzkoa Arigune?
Asmo handiko egitasmo da, su txikian kozinatzen ari garena. Oraingoz herri batzuk aukeratu ditugu eta frogatu nahi duguna da herri horietan ea kultura soziolinguistiko berri bat gauza daitekeen, alegia, eman ote litekeen jauzia euskararen ulermenean eta erabileran. Prozesu bat izango da, eta lehenengo esperimentatze aldi horrek funtzionatzen badu, Gipuzkoako beste herrietara zabalduko dugu.
Euskararen ulermena orokortzeak zer ahalbidetuko luke?
Uste dugu euskara ahalik eta erosoen erabiltzeko, oinarrizko baldintzetako bat dela parean duzuna ulertzeko gai izatea. Horrek biderkatuko luke gure hizkuntzan aritzeko aukera eta ahalbidetuko luke estres linguistiko txikiagoa izan eta erabilera handitzea. Horretarako, ulermena orokortu, euskaraz egiteko gai direnak ahaldundu eta haiek euskarari eutsi diezaioten bultzatuko dugu.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak sustatu duzue eta Soziolinguistika Klusterra eta Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategia izan dituzue lankide. Zenbat denbora behar izan duzue egitasmoa gorpuzteko?
Lau erakunde horiek egitasmoa aurrera eramateko berrikuntza bulego bat sortu genuen 2023ko urte hasieran. Proiektua irudikatzen eman genituen lehen sei hilabeteak. Kontraste lan handia egin genuen ondoren Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiekin, euskalgintzako eragileekin eta zenbait aditurekin. Hor jasotako ekarpenekin borobildu genuen proposamen zehatza. Otsailean aurkeztu genuen Gipuzkoa Arigune, dagoeneko esperimentatzeko aukeratutako hiru herriekin.
Arigune hitza lehen aldiz 2020ko Euskaraldian entzun genuen. Euskaraz eroso aritzeko espazioak ugaritzea al da asmoa?
Gune horiek ugaritu, orokortu eta denboran iraunkor bihurtu nahi ditugu. Erabili dugun kontzeptua Euskaralditik dator, Taupa mugimendua bera baita, aldi berean, ariketa sozialaren bultzatzaile nagusietako bat. Euskaraldia da hizkuntza ohiturak aldatzeko 11 egunez Euskal Herrian egiten den ariketa masiboa, behar-beharrezkoa. Tresna eraginkorra da euskararen erabilera agendaren erdigunean jarri eta euskararen erabileratik urrun samar dauden herritarrak aktibatzeko. Baina ikusi genuen ez dela nahikoa. Arigune izateko entitateei Euskaralditik egiten zaien eskaintza herrietara zabaltzeko ideia dago oinarrian. Gipuzkoan badaude baldintzak pauso bat aurrera emateko. Euskaran ardaztutako kultura soziolinguistiko berria dugu ortzi mugan.
Ariketa soziala da Euskaraldia, eta Gipuzkoa Arigune, berriz, zer da, helburu bat?
Bai, esan liteke. Gipuzkoara mugatuta, helburua da ulermena orokortzea eta erabileran saltoa ematea. Aktibazio soziala eta hizkuntza plangintzaren arteko hibrido moduko bat da egitasmoa. Anbiziotsua da helburua, badakigu.
Jarri al duzue eperik horretarako?
Aldaketa sozialak prozesu luzeak dira, sakontasunez egin nahi badira behintzat. Hiru herri hauetan bizpahiru urtetan arituko gara, ikaspenak jaso, eta asmoa da, dena ondo bidean, bigarren esperimentazio aldi batera joatea beste herri batzuetara. Pausoz pauso, elkarrekin eta ondo egin nahi ditugu gauzak.
«Aldaketa sozialak prozesu luzeak dira, sakontasunez egin nahi badira behintzat»
Anbiziotsua da egitasmoa, baina uste duzue Gipuzkoako datu soziolinguistikoek ematen dutela aukera.
Guk aipatzen dugu 2050. urterako 50 urtez azpiko gipuzkoar gehien-gehienak euskaraz ulertzeko gai izango direla, baldin eta urte hauetan etorriko direnei euskarara gerturatzeko bitartekoak, euskara ulertzeko dispositiboak eta ibilbideak eskaintzen badizkiegu. Ulermena badatorrela esango nuke, baina, alde batetik, etorri berriei orain artekoa baino harrera sendoagoa egin behar zaie; eta, bestetik, berriz, euskaldunok hizkuntza ohiturak alda ditzagun, euskarari eusteko estrategiak behar ditugu: ahalduntzea eta aktibazioa. Ulermenean saltoa egiteko aukerak baliatuta eragingo dugu erabileran, ez atzera ez aurrera baikabiltza aspaldian.
Geldialdi zantzuak ikusten dituzue erabilerari dagokionez?
Tolosan, adibidez, azken urteetan % 50etik gorakoa da euskararen erabilera eta hobekuntza handia izan da, baina herri txikietan, arnasguneetan, beherakada sumatzen hasita gaude. Horretan dugu erronka. Eskualde buruak indartzen jarraitu bai, baina herri txikietako izaera ahaztu gabe.
Gipuzkoari bide urratzaile izatea al dagokio?
Baldintza soziolinguistiko onenak ditu Gipuzkoak. Eskualdeetan antolatuta dagoen herrialdea da eta baditu herri koxkorrak, eskualde-buruak eta abar. Beste herrialdeekin alderatuta hiriburuak ez du hainbesteko zentralitaterik. Gainera, Gipuzkoan dago euskalgintza antolatuen. Kontsentsu politiko eta soziala badago. Eta, batez ere, behar dugu berrikuntza. Saiatu behar dugu anbiziotsu izaten. Sinistuta gaude saiatzea merezi duela.
Egitasmoak ikuspegi komunitarioa du eta antolaketa kolektiboa. Zenbaterainoko adostasuna dago Gipuzkoa Ariguneren inguruan?
Ia erabatekoa. Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi guztiekin egon ginen eta denek onetsi zuten egitasmoa. Oinarri bat badagoela uste dugunez, orain, hori zaindu eta adostasun oraindik ere zabalagoak lortzen saiatu behar dugu. Ikuspegi komunitarioa diogu, orain arte euskararen mundutik urrun daudenak aintzat hartu eta haiekin lan komunitarioa egin nahi dugulako. Elkarrekin antolatuta ekin nahi diogu.
Metodologia berritzailean ere egin duzue azpimarra.
Bai. Soziolinguistika Klusterra 2010etik garatzen ari den Aldahitz ikerketa da Gipuzkoa Ariguneko beste zutabeetako bat. Masiboki esperimentatzeko aukera ematen digu, herritarren arteko kooperazioa sustatzen duten metodologiak bultzatuz. Hiru dira orain arte landu dituztenak: Uler-saioak, denbora gutxian ulertzeko gaitasuna lor dezaten erdaldunak ikasketa prozesuetara bideratzen dituena; Ulerrizketak, tarteko ulermena daukatenekin, elkarrekintzaren bidez, erabilerara salto egin dezaten bultzada ematekoa; eta Eusle, ezagunena, Euskaldiaren oinarrian dagoena, guztiekin euskaraz egiteko konpromisoa hartzeko balio duena.
Metodologia horiek dagoeneko Gipuzkoako hiru herritan aplikatzen ari zarete: Antzuolan, Aian eta Añorgan. Zein irizpideren arabera aukeratu dituzue herri horiek?
Hasiera batean izan genuen herri txikiagoetara jotzeko tentazioa. Baina gutxieneko bizitza soziala duten guneak nahi genituen esperimentatzeko eta hainbat irizpide erabili genituen horretarako: nahi genituen landa eremukoak eta herri handiagoak, hainbat eskualdetakoak, herri izaera duten auzoak... Aia, landa eremuko herria da; Antzuola, berriz, sektore industrial indartsua daukana eta euskara planetan aitzindariak izan diren enpresak dituena; eta Añorga, azkenik, autoantolaketan esperientzi luzeko auzoa da eta aspalditik dihardu bertan euskara batzorde batek.
Zein fasetan zaudete hiru herri horietan?
Lehenik eta behin, udal ordezkariei aurkeztu genien proiektua. Denen babesa jaso ondoren, tokian tokiko euskalgintzako eragileengana ere jo genuen. Herri bakoitzean aurkezpen zabal bat egin eta azaldutakoei konpromiso mailaz galdetu genien. Segidan eratu ziren antolakuntza foroak eta azkeneko hilabeteetan azterketa komunitarioak egiten gabiltza. Ekintza planak prestatzen ari gara orain eta hiru herrietan ikasturte berrirako prest egongo dira. Norbanako euskaltzaleak aktibatu ditugu eta lan jarraitu batean dabiltza une honetan. Gure helburua da koordinazio bulegotik geroz eta gutxiago eragitea eta haiek euren erabakiak hartzeko autonomoak izatea.
Zer moduzko balorazioa egiten duzue?
Oso kontentu gaude. Orain arteko balorazioa oso positiboa izan da herri horietan. Lortu dugu jende multzo bat aktibatzea, ilusioa sortzea eta asmoa da pixkanaka antolatutako guneetatik abiatuta salto bat egitea herrira. Oinarri komun bat jarri dugu, lankidetzan gabiltza. Prozesuak izango ditu gorabeherak eta itzulipurdiak, seguru, baina uste dut abiapuntua oso ona dela. Bidea ondo hasi dugu.
Eta gainerako herrietan, Tolosaldean esate baterako, zer egin dezakegu ulermena orokortzeko eginahal horretan?
Euskaraldian gaude. Uste dut akuilu lana egiteko modua dugula. Eskualde guztia arnasgunea izanda ere, oraindik ere badugu zer hobetua hizkuntza ohituretan. Erronka nagusietako bat bada euskaratik abiatutako harrera komunitario bat antolatzea eta gure herrietara etorri berriak direnak euskararen mundura erakartzea. Hori alde batetik, eta bestetik, ez dugu ahaztu behar hainbat eragilek eta erakunde publikoek bultzatutako egitasmoak badaudela. Orain arte esploratutako bide horiekin zeregina badago, esaterako, euskalduntze-alfabetatze markoarekin, herrietan dauden euskara planekin, UEMAko ekintzekin eta besterekin.
Taupa Euskaltzaleen Mugimenduan aritzen zara zu. Zein da zure egitekoa Gipuzkoa Arigunen?
Koordinazio orokorra daramat. Egitasmoa zehazteko prozesuan egon naiz eta, orain, niri dagokit gobernantzaren ardura, lau erakunde gara eta lauen arteko erabakiguneak eta lan moduak zehaztu behar ditut. Horrekin batera, nik daramatzat harreman orokorrak euskalgintzako eragileekin eta proposatutako planteamendu teoriko orokor hori herrietan nola gauzatuko den zehazteko koordinazio lanak ere egiten ditut, beste lankideekin batera. Aian, Antzuolan eta Añorgan gabiltza, batean ikasitakoa bestean praktikan jartzen eta, irakaspen horiek jasota, gure intentzioa da hurrengoetarako planteamendu teoriko-praktiko sendoago bat esku artean izatea.