Gustura daude antolatzaileak parte hartzearekin, Iker Gibelalde bertako kideak azaldu duenez: «Hirurehun parte hartzailerentzako lekua aurreikusi genuen, eta gure zalantzak genituen beteko ote zen. Hiru egunetan bete zen, eta itxaron zerrendakoei ere aukera eman genien, eta azkenean 320 parte hartzaile izango dira, eta oso eskertuta eta pozik gaude probak izan duen harrerarekin». Parte hartzaileen laurdena emakumezkoak izango dira.
Mendi lasterketak «puri-purian» dauden kirol probak direla esan du Gibelaldek, eta hori izan daitekeela arrazoietako bat parte hartzearen arrakastan. «Bestalde, Tolosaldean ekainean T3T eta T2T lasterketak daude, eta prestaketa moduan ere jende askok hartu du gure proba, eta egutegian ondo txertatzen da», esan du Gibelaldek. «Pozik gaude erantzun ona izan dugulako, eta orain bakarrik espero dugu igandean dena ondo ateratzea eta korrikalariak gustura gelditzea».
Ibilbide azkarra
Ibarrako plazatik abiatuko dira mendi lasterkariak, eta 17 kilometroko ibilbidea eta 650 metroko desnibel positiboa izango dute aurretik. «Proba nahiko azkarra da», esan du Gibelaldek. «Egia da probatu duten batzuek esan dutela aldapak daudela. Aldapa dezente daude, baina nahiko motzak dira. Hiru puntu exijente daude, baina lasterketa nahiko azkarra izango dela aurreikusi dugu».
Proba 10:30ean hasiko da eta hiru orduko epea eman dute antolatzaileek lasterketa amaitzeko. Sari banaketa azken korrikalaria helmugatik igaro ondoren egingo dute, beraz, gehienez 13:30ak aldera izango da. Antolakuntzakoek paella prestatuko dute parte hartzaileentzat.