Gurasoek seme-alaben gatazketan bidelagun izateko baliabideak eskuratzea izango du helburu hitzaldiak. Horretarako, batetik, seme-alabek lagunen artean dituzten zailtasunetan gurasooi zein leku dagokien hausnartuko dute, izan ditzaketen gatazketan laguntzaile osasungarri bilakatzeko. Bestetik, liskarretan noiz eta nola esku hartu erakutsi eta ideia ezberdinak proposatuko dira helduon jarrera lagungarri eta oztopagarriak identifikatzeko.
Ikastaroa doakoa izango da, baina aurretik eman beharko da izena Ibarrako kultur etxean, 943 670 399 zenbakira deituta edo kulturetxea@ibarra.eus helbidera idatzita.
Treba Gurasoak
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren Treba Gurasoak prestakuntza ekimenaren baitan antolatu dute Ibarran egingo duten hitzaldia, gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzeko helburuarekin. Ekimen honek «tresna arina eta eraginkorra» izan nahi du, hainbat eragileren lankidetzaren bidez, guraso izateari dagokion ezagutza lurralde osoan transmititzeko.
«Haur eta nerabeen heziketa-prozesuan, guraso guztiek behar dute momenturen batean laguntza, guraso bezala dituzten funtzioak era egokian garatzeko», azaldu dute Treba Guraso ekimenetik. «Laguntza edo sostengu horrek, ordea, ez du izan behar konpontzailea edo terapeutikoa bakarrik; aitzitik, helburu prebentiboa izan behar du, eta familiako kide guztien garapena sustatu».
Gurasoei laguntza hori emateko asmoz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak gurasotasun positiboan oinarritutako eskaintza pedagogiko bat osatu zuen. 2025ean zehar 113 hitzaldi eta tailer antolatuko dira Gipuzkoako 67 udalerritan. Gurasotasuna, garapen sozioemozionala, gizarte-testuingurua eta ingurune fisikoarekin zerikusia duten gaiak lantzen dira ikastaro hauetan.