Lauburu Ibarra areto futboleko taldeak Bigarren Mailara igotzeko fasea jokatuko du. Pasa den asteburuan jokatu zuen denboraldi erregularreko azken jardunaldia, Errioxan, Albeldaren aurka. Gehienez ere, bigarren postuan amaitu zezakeen talde ibartarrak, baina horretarako, bere neurketa irabazi behar zuen, baita Otxartabek hiru puntuak ez lortzea ere, bi puntuz aurretik baitzen sailkapenean. Hala gertatu zen. Lauburuk bigarren amaitu du liga, eta bizkaitarrek, hirugarren.
Mikel Diestro barakaldarrak zuzentzen du talde ibartarra eta «oso pozik» dago orain arte egin duten lanarekin. «Noski, liga irabaztea gustatuko litzaiguke. Hala ere, denboraldia oso ona izaten ari da. Errege Kopan lortutako emaitzak kontuan izanez gero, ia bikaina izan dela esango nuke. Orain, igoera faseaz gozatu beharra daukagu, eta ea helburu gorena betetzerik dugun».
Helburu gorena, hain justu, Bigarren Mailara igotzea da. Horretarako, baina, hiru kanporaketa gainditu beharko dituzte ibartarrek. Lehena, datozen bi asteburuetan, Otxartaberen aurka. Joaneko partida igande honetan jokatuko dute, Bilboko Txurdinaga kiroldegian; 13:15ean hasiko da neurketa. Itzulerako partida, berriz, Ibarran jokatuko dute, maiatzaren 17an, larunbata.
Lauburuk kanporaketa hori gaindituz gero, bigarren fasera sailkatuko da. Bigarren B Mailako multzo bakoitzetik bi talde sailkatuko dira; sei multzo direnez, hamabi talde izango dira guztira. Kanporaketak erabakitzeko baldintzapeko zozketa egingo da, hau da, denboraldian zehar hobeto sailkatutako taldeek kantxa faktorea alde izango dute. Bigarren fasea gaindituz gero, sei talde igaroko dira hirugarren eta azken fasera, eta berriro zozketa egingo da. Azkenik, kanporaketa hori gainditzen duten hiru taldeak igoko dira mailaz.
Umiltasunez eta ilusioz
Bizkaitarren aurkako kanporaketa «oso berdindua» aurreikusten du prestatzaile barakaldarrak. «Oso arriskutsuak dira kontraerasoan, eta gol asko egiten dituzte aurkariak lekuz kanpo daudenean. Hortaz, ezinbestekoa izango da kantxan ondo kokatuta egotea, min egin ahal izateko». Gisa honetako kanporaketetan, gainera, estrategia jokaldiak eta atezain-jokalariaren sistema «erabakigarriak» izan ohi direla nabarmendu du. «Are gehiago, partida parekatuetan. Aukerak ondo aprobetxatu beharko ditugu aurrera egin nahi badugu», gaineratu du.
Ibartarrek «umiltasunez eta ilusioz» egingo diote aurre kanporaketari. «Heldu da denboraldi osoan itxaroten ari ginen momentua», adierazi du Diestrok. Taldea «oso ondo» ikusten duela esan du entrenatzaileak. «Luzaroan min hartuta egon den Gorka berriro hasi da jokatzen, eta oso pozik gaude. Jokalari guztiak jokatzeko moduan daude».
EAEko onenak
Ibartarrek hirugarren urtez jarraian jokatuko dute igoera fasea. Otxartabek seigarren aldiz jokatuko du Bigarren Mailara igotzeko lehen kanporaketa. Ondorioz, azken urteetan historia egiten ari diren bi talde dira. Zentzu horretan, Diestrok argi du eskualdeko areto futboleko jarraitzaileentzat kanporaketa zirraragarria izango dela. «Nire iritziz, une honetan, EAEko bi talde onenak gara, eta harreman handia dugu; oso ondo ezagutzen dugu elkar», aitortu du. «Derbiak beti dira partida zailak, eta are gehiago, kanporaketak direnean. Bi taldeak oso lehiakorrak gara, eta igarotzen dena igarotzen dela, espero dut biotako batek helburu nagusia betetzea, EAEn erreferentziazko talde bat izan dezagun».
Errege Kopa
Datorren urtean Errege Kopa jokatzeko txartela ere lortu du Lauburuk. «Ilusio berezia sortzen du herrian». Azken bi denboraldietan, behintzat, maila bikainean aritu dira. Aurten, esaterako, Bigarren Mailako Entrerrios Zaragoza eta Lehen Mailako Manzanares taldeak kanporatu dituzte, final-zortzirenetan Peñiscolaren aurka galdu aurretik.