Astronomia ikastaroa eskainiko dute maiatzean

Ataria 2025eko apirilaren 18a

Ibarrako Udalak Aranzadi elkartearekin batera antolatu du; lau tailer emango dituzte eta izen ematea apirilaren 28tik maiatzaren 12ra izango da.

Ibarrako Udalak Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera astronomia ikastaroa antolatu du. Maiatzean izango da, euskaraz emango dute, eta lau tailerrez egongo da osatua. Ikastaroan izena emateko epea apirilaren 28tik maiatzaren 12ra bitarte izango da Ibarrako kultur etxean. Plazak mugatuak dira eta parte hartzeko gutxieneko adina 16 urtekoa izango da. Informazio gehiago nahi duenak Ibarrako kultur etxera jo dezake edo bertara deitu, 943 670 399 zenbakira.

Tailerrei dagokionez, lehena maiatzaren 21ean izango da, asteazkena, 19:00etatik 20:30era. Zerua ezagutzen izango du izenburua, eta konstelazioak zer diren, zertarako balio duten, planisferio bat nola erabiltzen den edota nola desberdintzen diren izarrak eta planetak ikasi ahalko da. Programa informatiko baten laguntzarekin konstelazioak desberdintzen eta zerua ezagutzen erakutsiko dute.

Bigarren tailerra, Orientazio astronomikoa izenekoa, maiatzaren 26an, astelehena, izango da, 19:00etatik 20:30era. Orientazioa izango da tailerraren ardatz. «GPS-a asmakizun berria da, garai batean jendeak beste metodo batzuk erabiltzen zituen orientatzeko: Eguzkia, izarrak, iparrorratza». Bada, tailerrean haien funtzionamendua ikasiko ahalko da, eta iparrorratz bat egingo dute.

Hirugarrena, Nork esan du hemen ez direla izarrak ikusten?, maiatzaren 28an, asteazkena, izango da, 19:00etatik 20:30era. Bertan, proiekzio baten bitartez konstelazioak zer diren ikasi ahalko da, konstelaziorik garrantzitsuenak ezagutu eta tailerrarekin amaitzeko planisferio bat eraikiko dute parte hartzaileek, euritako batean.

Laugarren eta azken tailerra, Gaueko behaketa izango da. Maiatzaren 30ean izango da, ostirala, 23:00etatik 00:30era. Bi zatitan banatuko dute. Zeru behaketa egingo dute lehendabizi. Horretarako, teleskopio batzuk jarriko dituzte kalean. Ondoren, azalpen eta xehetasunak emango dituzte. Hala, ordenagailu baten bidez zerua eta konstelazioak ikusi ahal izango dira, adituen azalpenekin batera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!